"Krisitik irteteko, euskalgintzak ere bat egin behar du beste sektore askorekin"

Erabiltzailearen aurpegia

Ohi duenez, hinki-hankarik gabe jardun du Kike Amonarrizek orain hurrena kaleratu duen liburu mamiz betean: Euskararen bidegurutzetik (Elkar, 2019). Dioenez, ziklo aldaketa bizi dugu, eta hurrengo urteak giltzarri izan daitezke euskara komunitatearen etorkizunarentzat. Hargatik, “bidegurutzean gaude” oharrarazi digu.

Horra Kike Amonarrizen liburua, azaletik bertatik asmo garbi batez jantzia. Ekaitz Zilarmendi argazkilariaren irudian, jendea, kalean, hodeiertza beste mugarik gabe, nola behar baitu euskarak. 350 orrialde mamiz beteak hamabi kapitulutan banatuak, irakurleari keinuz eta umorez zipriztinduak.

Bidegurutzean dago euskara, zuk esaten duzunez...

Baina ez diot nik bakarrik, baita beste askok ere, eta zenbait arrazoi ere baditugu hori esateko. Batetik, azken hamarkada hauetan mundu osoko hizkuntzak astindu dituzten fenomeno globalak ditugu. Bestetik, Euskal Herrian gertatu diren aldaketa sozio-politikoak. Eta, azkenik, euskararen hizkuntza komunitate barruan gertatu diren egiturazko aldaketak. Hasteko, mundu osoko hizkuntzei eragiten dieten fenomenoak azaltzeko orduan, 'globalizazioa' aipatuko nuke. Ditxosozko globalizazioa esango du batek baino gehiagok, baina egia da, zenbait fenomeno modu orokorrean gertatzen ari dira munduan, eta planetako hizkuntza guztiei dagozkie. Esate baterako, ingelesaren mundializazioa, migrazioak, teknologia berriak eta turismoa. Baina horiek ez dira, bakarrik, euskarari eragiten dioten faktoreak, mundu osoko hizkuntza komunitateei baizik, eta denok batera egin beharko diogu aurre globalizazio horri, haren arriskuei, eta aukerei.

Euskal Herrian gertatu diren aldaketa sozio-politikoak...

ETA desagertu da, eragile politiko berriak agertu dira, Euskal Elkargoa sortu dute Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eskuina gobernutik kanpo utzi dute… Aldaketa sozio-politikoak dira, baina ondorio sozio-linguistikoak dakartzate, eta, azpimarragarriena, euskalgintzaren, herri erakundeen eta alderdi politikoen arteko harremanek normaltzera egin dutela, nabarmen hobetu direla, alegia. 20. Korrikan Irun eta Hendaia arteko Santiago zubiko argazkia horrexen adierazgarri da, edo Euskaraldiaren aurkezpen eguneko argazkia, Bilbokoa. Adibideak gehiago ere badira, jakina. Argazki horiek ezinezkoak ziratekeen duela urte batzuk. Aldaketa politikoak ez ezik, sakoneko aldaketa sozialak ere bizitzen ari gara: gazte euskaldunen migrazioa, mugimendu eta pentsamendu feministaren zabalkundea, hirigintzak eta biztanleriaren mugikortasunak arnasguneetan eragindako aldaketak, jaitsiera demografikoa, zaintza ereduetako joera berriak…

Aldaketa horiek ere gure hizkuntza komunitatea aldaraziko dutela zalantzarik ez izan, aldatzen ari ez badira dagoeneko! Koronabirusaren krisia ere ari da eragin soziolinguistikoa izaten. Hainbat erakunde eta eragile sozialek atzera egin dute beren hizkuntza-praktiketan, eta euskararekiko urruntzea gertatu da familia eta ingurune erdaldunetako haur eta gazteen artean. Baina eragin positiborik ere izan da, eta horietako bat dugu, adibidez, euskarazko hainbat hedabidek inoizko kontsumorik handiena izan dutela. Nire ustez, hizkuntzen arteko harremanak eta euskararen erabilera bera ere aldatuko dira honen guztiaren ondorioz.

Eta zein dira hizkuntza komunitatean gertatutako aldaketak?

Duela bost hamarkada hasitako bidearen amaierara iristen ari gara, fase berri bat hasten. Horixe erakusten digute euskarazko ereduetako matrikulazioen ehunekoak eta euskararen ezagutzarenak, adibidez. 80ko hamarkadaren hasieran, %20koak ziren horien ehunekoak. 2016ko Inkesta Soziolinguistikoaren datuen arabera, berriz, EAE eta Nafarroako iparraldean, 25 urtez azpikoen euskara ezagutza %80koa da. Eta ehuneko handiagoa da euskarazko ereduetan matrikulatuta dauden irakaskuntza arautuko ikasleena. Nafarroako gainerako zonaldeetan eta Ipar Euskal Herrian, ehunekoak baxuagoak dira, baina goranzko joera erakusten dute. Nolanahi ere, hainbat ikerketak erakutsi digute DBHtik ateratzen diren ikasle askoren hizkuntza-maila ez dela nahikotasun-mailara iristen. Ezagutzaren unibertsalizazioan eta hobekuntzan jarraitu beharko dugu.

Joaquim Dolzek ARGIAn esana: "Gizartea lasaitu egin da euskararekin, eta berraktibatu beharra dago".

Zuzen ari zen. 1989tik 1997ra, euskararen kaleko erabileraren datuek hobekuntza erakusten zuten. 2011 eta 2016ko azken bi neurketek, aldiz, beheranzko joera. Alarma gorri guztiak piztarazi zituzten datu horiek. Gazteen Euskal Behatokiak EAEko 15-29 urte bitarteko gazteen lagun giroko erabilerari buruzko datuen arabera, berriz, 2004tik 2016ra, %48tik %38ra jaitsi da erabilera. Impasse egoera berretsi besterik ez dute egiten datuek.

Zein dira impasse horren arrazoiak?

Gizartearen desaktibazioa hizkuntzari dagokionean, hizkuntza politiken ahulezia, migrazio berrien eragina, globalizazioa, turismoa, lan merkatuak zabaltzea… Faktore guztiok eragingo zuten, seguruena, eta horregatik da ezinbestekoa, erabilera suspertzekotan, herritarrak, erakundeak eta era guztietako eragile sozialak aktibatzea, eta hizkuntza politiketan jauzi kualitatiboa ematea. Erabileran nabarmen aurreratzen dugu, edo ezagutzan eta jarreretan irabazi duguna galtzeko arrisku bizia izango dugu.

Erabilerari eragiteko azkena asmatu dena, Euskaraldia.

Euskaraldiak hainbat ondorio ekarri ditu. Hasteko, formatu berri eta indartsu bat sortu du. Euskal Herriko geografia osora iritsi da, jende askorengana: lehen aldian, orain dela bi urte, 225.000 lagunek eman zuten izena, eta hori sekulakoa da, 16 urtetik gora euskaraz dakigunok, Euskal Herri osoan, 750.000 garela kontuan izanik. Euskaraldian izena emandakoak 225.000 izatea, ikaragarria da. Mugimendua ekarri du, herrietan taldeak sortzea, 400 herri batzorde baino gehiago! Euskaraldiak, bestalde, emaitzak izan ditu, zenbait jendek hizkuntza ohiturak aldatu ditu; aldaketa horietako batzuk egonkortu egin dira, eta beste batzuk, aldiz, galdu dira. Baina aldaketa egon da, behintzat!

Aldaketa egonkortzea da gako orain?

Bai, baina horretarako, Euskaraldiak eragiten duen indar soziala egonkortu behar da. Dena dela, egindakoa hor dago. Hainbat balorazio egin dira. Batetik, jende berria hurbildu da, eta hori asko baloratu da. Bestetik, ilusioa sortu du, jendeak parte hartu du, diskurtso berri positibo bat zabaldu da –ikaragarri baloratu den gauza–, eta, era berean, oso diskurtso irekia, jendea eroso sentitu baita diskurtso horren barruan. Hori guztia balio bat da! Emaitzei dagokienez, berriz, hizkuntza ohituretan aldaketa gertatu da, kontuan izanik Euskaraldia hamaika eguneko asmoa izan zela. Euskaraldiari esker, euskara berriro agenda sozio-politiko-komunikatiboan azal dadin lortu dugu, jakinik gure hizkuntzak pandemia egoera honetan agenda horretatik desagerrarazteko arriskua duela. Baina alderantziz gertatu da, egoera honek euskararen eragileei beren eskariak egiteko, kezkak plazaratzeko eta proposamenak aurkezteko bidea ireki baitie.

Aurten, berriz izango dugu Euskaraldia.

Nik uste antolaketan gabiltzan alde guztiak bat gatozela, hala gizarte eragileak nola erakundeak: Euskaraldia egin behar dugu, euskara agenda sozio-politiko-komunikatiboan berriro ager dadin, indarra gal ez dezan, eta ozen adierazteko, komunitatearen berreraikitze prozesu honetan, euskarak ere presente egon behar duela jorratu behar diren sektore eta balioen artean. Etxe barrura begira, uste dut, oztopo guztiak gorabehera, aukera eder bat zabaltzen zaigula, gizarte mailan, eta sortuko den krisitik irteteko, euskalgintzak ere bat egin behar duela beste sektore askorekin.

Zer esan nahi duzu?

Krisiak dendari txikien biziraupena kolokan jarriko du, nola jarriko baitu era berean kolokan kulturgintzako hainbat alderdirena. Hortaz, guk ekarpena egin genezakeela uste dut, komunitateari esanez: "Guk, euskararen alde egiten dugun neurrian, dendari txikien alde egin behar dugu, geure sortzaileen alde, osasungintza publikoaren alde". Nik uste euskarak ere bat egin behar duela aldarrikapen horiekin. Eta uste dut konfluentzia baterako bidea ere badagoela, zeren krisi honetan zerbitzu publikoak zein garrantzitsu izan diren ikusi dugu, zein garrantzitsu elkartasuna, zein garrantzitsu komunitate zentzuaz jabetzea. Erantzun kolektiboa behar zuen koronabirusak eragin duen krisiak, eta aurrera begira ere aipatu ditudan balio horietan oinarritu beharko dugu. Eta iruditzen zait Euskaraldia aukera on bat izan daitekeela. Krisi honek erakutsi digu zein garrantzitsuak diren hartzen diren erabaki politikoak, gizarte mailako sareok dugun erantzukizuna, eta norbanakook egin dezakeguna. Eta euskararen normalizazioak ere hiru horiek behar ditu.

Topagunearen hausnarketa talde Topalabeak 'Berrindartu eta jauzi' txostena kaleratu berri duzue. Orain bost urte, berriz, 'Berrikasi eta berrikusi' zenuten abiapuntua.

Gurekiko, aurreko fasean, hizkuntzaren normalizazio prozesu modernoaren lehen fasean, kapital handiena hezkuntzan jarri da. Hala behar zuen! Horrek eman duena eman du. Asko egin da, baina erronka berriak sortu dira: etorri berrien egoera, adibidez, ikuskizun baita hezkuntzak nola erantzungo ote dion. Edo hor dugu ikasleen euskara maila ez behar bezalakoa, oraindik… Erronka berriak hainbat ditu euskarak, eta hurrengo fasean lehentasunak zein diren erabaki behar dugu. Kezka horien inguruan gogoetatzera dator 'Berrindartu eta jauzi' dokumentua: eskola ezinbestekoa da, baina eskolak bakarrik ezin du. Aspaldi ari gara hori esaten. Urrats berriak egin behar ditugu, eta urratsak ez ezik, jauzia eman behar dugu, bi esparrutan batik bat: bata, eremu ez-formala da; hau da, eskolatik kanpo, haur eta gazteek duten mundua, dela eskolorduz kanpoko jarduerak, ikus-entzunezkoen kontsumoa –eta krisi honetan garbi ikusi dugu horrek zer garrantzi duen–, eta lan mundua, izan ere, zertarako ari dira euskaraz ikasten, gero ezingo badute euskaraz ere lan egin. Txostenean diogunez, aipatu bi esparru horietan jauzia emateko baldintzak ditugu.

Etorri da koronabirusa eta gaztelaniazko mezuz bete digu etxea, euskara hiztunon sarea, erdaldundu digu geure sarea ere…

Ikus-entzunezkoetan, eta maila informalean dauzkagun gabeziak oso agerian gelditu dira koronabirusaren krisian. Egoera normal batean ez da gertatzen, baina egoera pixka bat bere onetik irteten denean, gaztelania nagusi! Jokaera horiek moztu egin behar dira. Erakunde askotan ere, euskarako batzordeak edo zerbitzuetakoak horixe dira, “Euskarakoak”. Erdigunerako bidean urratsak ematen ari ginen, baina birusak euskara berriro ere "periferizatu" egin duela iruditzen zait. Horretan, Euskaraldia lagungarri da, eragiten laguntzen du. Koronabirusaren krisia aipatu duzunez,  kaleratu berri dugun gogoetak, funtsean, berdin-berdin balio du, baina aplikazioari dagokionez, krisiak egokitzapenak egin beharra ekarriko du, bai epeei eta bai baliabideei dagokienean.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!