GuraSOS: "Jose Ignacio Asensio gezurretan ari da"

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2020ko eka. 2a, 11:34

Donostiako erraustegiaren afera ikertzen jarraitzen duela adierazten duen oharra bidali zuen Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeak, maiatzaren 11n. Aldiz, Asensiok maiatzaren 28an kontrakoa zabaldu zuen, batzorde horrek GuraSOSek eskatutakoa atzera bota zuela esanaz. "Asensiok gezurra esaten du eta modu eskandalagarrian manipulatzen du; batzuetan erabateko ezjakintasunetik abiatuta, beste batzuetan Zubietako erraustegiaren aferaren gaineko ageriko inkonpetentziarekin", dio GuraSOSek eta oraingoan Europako erakundeekiko "errespetu falta" ere egotzi dio. Gaia Europako Parlamentura eramateko tramiteak hasi dituela iragarri du.

GuraSOSek bidalitako oharrean azaldu duenez, hau da Europatik orain arte jaso duten dokumentu ofizialak esaten duena:  “Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeak GuraSOSek eskatutako aferak ikertzen jarraitzen du bere askotariko norabideetan. Batzorde horrek eskaera horretarako ekintzarik aproposena erabakiko du, horren gaineko ebaluazioaren araberakoa”. Esaldi horiek daude idatzita ingelesez “ondorioak” ataleko paragrafo bakarrean, maiatzaren 11ko datarekin.

"Asensio gezurretan ari da"

Donostiako erraustegiaren aurkako guraso taldeak harriduraz hartu zuen maiatzaren 28an Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok egin zituen adierazpenak, esanaz Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeak GuraSOSek eskatutakoa "arbuiatu" duela. "Asensio gezurretan ari da, edo sekulako ezjakintasuna adierazten ari da. Ez baita erresoluzioa, ezta eskaera bati egindako erantzuna ere; izan ere, Batzordeak ez du gaia tratatu orain arte egindako bileretan. Bere garaian onartu zuen tramitea baino ez da. Hortaz, batzorde horretako kideei zuzendutako oharra da, etorkizuneko bilera batean gaia tratatzeko. Joan den apiriletik Europako Parlamentuko Batzordea COVID-19arekin lotutako gaiak baino ez da lantzen ari".

GuraSOSek azaldu duenez, Europako ohar horrek aipatzen du aurretiazko txosten bat: Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritzak egindakoa, eta Ingurumen Zuzendarita Gipuzkoako Foru Aldundia ikertzen ari da, Donostiako erraustegiaren inguruan. Horregatik aipatzen du artikulu honen hasieran ekarri dugun oharrak·"GuraSOSek eskatutako aferak ikertzen jarraitzen" duela. 

Asensiok gai honi buruz egin zituen adierazpenek "iritzi publikoaren eta komunikabideen gaineko manipulazio larria" erakusten dutela dio GuraSOSek, eta gainera "Europako komunitateko instituzioekiko errespetu falta ikaragarria" adierazten dutela. "Asensiok gezurra esaten du eta modu eskandalagarrian manipulatzen du; batzuetan erabateko ezjakintasunetik abiatuta, beste batzuetan Zubietako erraustegiaren aferaren gaineko ageriko inkonpetentziarekin". Asensioren adierazpenen gaia Europako Parlamentura eramateko tramiteak hasi dituela iragarri du GuraSOSek eta dimititzeko eskatu dio.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!