Hego Euskal Herrian maskaren erabilera derrigorra izango da kalean ere

Erabiltzailearen aurpegia

Hego Euskal Herrian maskarilak erabiltzea derrigorra izango da bi metroko distantzia gorde ezin den lekuetan, bai espazio itxietan eta bai kalean. Hala erabaki dute maiatzaren 18an Espainiako Gobernuak eta erkidegoetako osasun sailburuek egindako bileran. Agindu honi buruzko zehaztasunak eta indarrean sartzeko eguna, hurrengo egunetan argitaratuko dute Espainiako estatuko buletin ofizialean. Garraio publikoan derrigorrezkoa da maiatzaren 3tik. Ipar Euskal Herrian garraio publikoan da derrigorra.

Europan Txekiar Errepublika izan da kalean derrigorrezko egiten lehena eta hala da Portugalen ere. Italian espazio publiko itxietan da derrigorra, ez kalean. Eta Alemanian eta Frantzian garraio publikoan. Espainiako Osasun sailburuak apirilaren 7an adierazi zuen maskarilak derrigor egiteari buruzko erabakirik ez zuela orduan hartuko, herritarrentzat beste ez zeudelako merkatuan. Duela aste batzuk arautu zituen prezioak eta orain guztiek erosteko beste daudenean hartu du erabakia.

Ez gaixotzeko baino, besteak ez kutsatzeko

Osasunaren Munduko Erakundeak bere webgunean dio "orain arte ez dagoela behar beste frogarik pertsona osasuntsuek maskarilak (medikuenak edo edozein motakoak) erabiltzearen alde edo aurka egoteko". Medikuen maskarilak (bai kirurgikoak eta bai N95 motakoak) gutxi daudela eta osasun langileentzat erreserbatu behar direla dio. Maskarilen erabilera gomendatzen du osasun langileentzat, sintomak dituzten pertsonentzat eta gaixoak zaintzen dituen ororentzat.

Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentruak apirilaren 8an txosten bat argitaratu zuen. Horko emaitzetan oinarrituta herritar orok maskarila erabiltzeko gomendatu zuen. Izan ere, asintomatikoek gaixotasuna zabaltzen dutela ondorioztatu zuen: "Maskarilak laguntzen du infekzioaren hedapena murrizten, kutsatutako pertsonek arnasterakoan jariatzen dituzten tantak gutxitzen baititu eta posible delako pertsona hauek ez jakitea kutsatuta daudenik, sintomak garatzen hasi ez direlako oraindik".

Osasunaren Munduko Erakundeak maskarilak baino eraginkorrago direla dio...

COVID-19az norbera eta ingurukoak babesteko, OMEk dio "maskarilak baino eraginkorragoak" direla eskuak maiz garbitzea, ahoa ukondoaz edo zapiaz estaltzea eta besteekiko gutxienez metro bateko distantzia gordetzea. Oroitarazten du hauek babes neurri eraginkorragoak izanik, maskarilen erabilerak ez dituela besteok ordezkatu behar.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!