Azken gauza

Erabiltzailearen aurpegia Arantzazu Lizartza Saizar 2021ko uzt. 4a, 19:58
Eugene Ionesco dramaturgoaren 'Erregea hiltzen ari da'. ATARIA

Ez da kasualitatea izanen aste berean eutanasiaren inguruko hitzaldietara joan, eutanasia beraren legea onartu eta suizidioaren abordaiaren inguruko kurtso bat jaso izana. Denak, heriotza ardatz. Izan ere, ez da gaurko kontua heriotzarekiko dudan zaletasuna, edo hura gure eguneroko bizitza eta pentsamenduan txertatzeko premia eta egonezina.

Ez naiz eutanasia –«heriotza ona»– gatazkan sartuko, ezta prozedura horrekiko nire posizioa azalduko ere. Heriotzarekiko dugun jarrera iragazgaitzaz ariko naiz. Kafesne epel baten bueltan izandako elkarrizketek, lan esparruan izandako hartu-emanek eta ustekabean formulatu ditudan galderen erantzunek eramaten naute hori ondorioztatzera. Hots, heriotzaren fenomenoa gurekin ez datorren zerbait dela. Auzokoaren etxean ematen den gertakari bat izanen balitz bezala.

Heriotzaren fenomenoa gurekin ez datorren zerbait dela. Auzokoaren etxean ematen den gertakari bat izanen balitz bezala

Eugene Ionesco dramaturgoaren Le Roi se meurt –Erregea hiltzen ari da, alegia– obrak ongi islatzen du gizabanako ahalguztidun eta hilezkorrak –sinesmenez, noski– herioren presentzian aurkezten duen Ni-aren hipertrofia patologikoa. Erregea heriotzaren urradura nozitzen hasten denean, eldarnio nartzisistak edukitzen hasten da, heriotza bere izatetik at dagoen zerbait dela uste duelako, eta oldarkor aurkezten da haren aurrean. Horretan dela, erregea mundua bere eskuekin eusten saiatuko da, heriotzak botere galera bat esanahi duelako: «Ez itxi eskua, luzatu hatzak» dio. Antzezlana adibide bat, metafora bat besterik ez da inguruan behatzen dudana adierazteko.

Heidegger pentsalariak horretan jardun zuen, existentziari esanahi bat eman nahian. Izatea eta denbora bere lanean dio hil ahal izatea norbera izateko aukera bat dela, eta beraz, horrela behatu beharko genukeela gertakaria: existentzia beraren autonomia bat bezala, norberak bere buruaren kontzientzia izateko abagunerik eder eta propioena.

Litekeena da bizi garen testuinguruan –erlijio motak, zehazki– eragin nabarmena izatea heriotzaren pentsamenduari dagokionean. Heriotza bizitzaren parte bat da, ez trantsizio bat. Beraz, has gaitezen heriotzaz –diot, bizitzaz- hausnartzen, tertulietara ekartzen eta nahiak zehazten –Aurretiazko Borondate Agiria betez, esaterako–; egingo dugun azken gauza delako eta ez dagoelako hiltzen ikasteko modurik, bigarren aukera bat –momentura arte beti ere– existitzen ez delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!