Detox digitala

Erabiltzailearen aurpegia

Aste dezente daramatzat nire sare sozialetara ezer igo gabe. Maiatzaren 2an argitaratu nuen nire azken argazkia Instagramen eta harrezkero, ez dut apenas edukirik sortu. Beti izan naiz nire eguneroko bizitza, anekdotak etab. nire lagun eta jarraitzaileekin elkarbanatzekoa, baina azkenaldian, ez dakit alferkeriagatik edo laneko nekeagatik ote den baina… detox digital moduko bat egiten ari naiz.

DETOX DIGITALA kontzeptua geroz eta ezagunagoa da gure artean: «Deskonektatu gerora berriz konektatzeko». Azken batean, mugikor edo ordenagailuekiko dugun dependentzia hori dela-eta, asko gomendatzen dute bolada batez mundu digital horretatik aldentzea.

Nire kasuan, arazotxo bat daukat: sare sozialetarako eduki eta estrategia digitalak sortzea da nire ogibidea. Hauek ordaintzen dituzte nire faktura guztiak, eta deskonexio hori egitea, askoz konplexuagoa da. Egunero sartu behar izaten dut Instagramen, Twitterren edo Tik Token. Egunero ehunka estimulu jasotzen ditut eta horiek guztiak kudeatzea ez da lan erraza. Saturazio puntu batera iritsi naizela uste dut.

Hori dela eta, nire sare sozial pertsonalak alde batera uztea erabaki dut eta stalker bilakatu naiz; kuxkuxero digitala alegia. Besteek publikatzen dutena ikusten dut denbora pasa moduan: bisitatzen dituzten txokoak, jaten dituzten menuak edota egin dituzten bidaiak eta planak... Neure burua zerbait igotzera behartu gabe. 

Hori dela eta, nire sare sozial pertsonalak alde batera uztea erabaki dut eta ‘stalker’ bilakatu naiz; ‘kuxkuxero  digitala’ alegia

Nire bizitza pribatua, pribatua izaten jarraitu nahi dut, eta beharbada, azkenaldian ez da guztiz horrela izan. Akaso gauza gehiegi elkarbanatzen nituen nire jarraitzaileekin. Zertarako? Beraien irribarre bat lortzeko? Beraien like bat lortzeko?... Honek guztiak ere, hausnarketa luze baterako ematen duen gai bat da, dudarik gabe.

Egia esan, detox digitala egitea oso ariketa interesgarri eta osasungarria iruditu zait. Pertsona oro animatuko nuke noizbehinka, horrelako deskonexio bat egitera. Nik behintzat, behin baino gehiagotan errepikatuko dudala uste dut.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!