< II Pause >

Erabiltzailearen aurpegia

Lasai eta bakarrik egoteko toki berezi bat topatu dut Tolosan. Arratsaldeko azken argi izpiak desagertzen diren momentuan joaten hasi naiz. Paseotxo bat eman eta leku horretan dagoen banku batean eseri, kaskoak jarri, Olatz Salvadorren azken diskoari PLAY eman eta nire eguneko momenturik onenetariko batean bihurtu da. 

Badirudi, momentu horretan, eguneko zama eta ardura guztiak (minutu batzuetan behintzat) alde batera uzten ditudala. Nire burmuineko txokoren batean, PAUSE botoi bat zanpatuko banu bezala irudikatzen dut. Herria mugimenduan eta bizirik dagoen bitartean, ni lasai, geldi eta iluntasunetik minutuak pasatzen uzten.

Gure eguneroko erritmoak ez digu eten bat egiteko aukera hain erraz ematen. Beti gaude mugimenduan, gauzak egiten, gauzak pentsatzen, ideia eta proiektuak antolatzen… Eta batzuetan, eten bat egiten ere ikasi behar da. Eten bat, pilak kargatzeko. Eten bat dena bere lekuan kokatzeko. Eten bat hartu beharreko erabakiak patxadaz hartzeko.

Nire burmuineko txokoren batean, PAUSE botoi bat zanpatuko banu bezala irudikatzen dut. Herria mugimenduan eta bizirik dagoen bitartean, ni lasai, geldi eta iluntasunetik minutuak pasatzen uzten

Azkenaldian gauza askori eman behar izan diegu (behartuta) PAUSEri: bidaiatzeari, musika jaialdietara joateko planak antolatzeari... Parrandei... Eta nik beste gauza batzuei ere etenalditxo bat eman nahiko nieke: laneko estres boladari, albiste txarrei... Pertsona eta harreman toxikoei... Hauetarako aldiz, ez da botoirik existitzen.

Askotan pentsatu izan dut, zeinen erraza izango litzatekeen PAUSE botoia gure gorputzetan txertatua izango bagenu (Black Mirror gehiegi ikusi dut bai!). Momentu eder eta polit bat amaitu nahi ez izatea eta PAUSEri emanda, listo… Arazoa konponduta! Edo eztabaida baten erdian, PAUSEri eman, arnas sakona hartzeko denbora hartu eta baretu zarenean, eztabaidara bueltatu eta egoera ondo bideratzea.

Beharbada super botere bat edukitzeko aukera izango banu, hori eskatuko nuke, < II PAUSE > botoi bat, nire bizitzaren etenaldiak nahi bezala kudeatu eta antolatzeko.

Hau guztia esan ondoren, iritzi artikulua Atariara bidali, ordenagailua itzali eta banoa nire txoko ilun, isil eta berezira. Gaur nahiko egun astuna izan dut eta ondo etorriko zait nire eguneko eten edo PAUSE botoi hori zanpatzea. Tolosara begira dagoen bankutxo horretan aurkituko nauzue gauero. Eutsi goiari!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!