Gabonetako "magia"

Erabiltzailearen aurpegia

Gabonetako pinua eta apaingarriak erosi ala ez erabakitzen nabil azken egun hauetan. Otsailean urtebete beteko da Tolosara bizitzera etorri nintzela eta hortaz, datozen egunetan nire lehen gabonak ospatuko ditut bizi naizen etxean.

Orain arte topera bizi izan ditut beti: baserritarrez jantzi, «gabonetako argazki ofiziala» egin, lagunekin abesten atera, abenduaren 24ko poteoa, Olentzeroren jaitsiera ikusi, bazkari eta afari familiarrak, opariak... baina aurten ilusioa galtzen hasi naizela uste dut.

11 urte pasa nituen Euskal Herritik kanpo eta urte haietan guztietan, gabonek kutsu berezia zeukaten niretzat. Zein ez da gogoratzen Vuelve a casa vuelve, por Navidad iragarki mitikoaz? Gabonak egun batzuetarako etxera bueltatzen nintzenaren seinale ziren eta aspaldian ikusten ez nituen familia eta lagunak berriz ikusteak eta elkarren berri izateak, sekulako poztasuna eragiten zuen nigan. Gaur aldiz, nahi adina ikusten ditut eta horren ondorioz, gabonek jada ez dute balio berdina nigan: Zuten «magia» galdu dute.

Kaleko argiak, megafoniatik entzuten diren gabon kantak eta tankerakoak asko gustatzen zaizkit, noski baietz! Baina beldurra diot gabonek beti sorrarazi didaten ilusio hori galtzeari. Horregatik, aurten erronka bat jarri diot neure buruari: Euskal Herritik kanpo bizi diren lagun-minei, gabonetako postal bat idatziko diet, sikiera, beraien etxeko postontzian postaltxo bat jasotzeak sor diezaiekeen irribarrea neure buruan irudikatzeagatik.

Gabon zoriontsuak opa dizkizut irakurle! Kontuz xanpainarekin ;)

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!