Zerotik

Erabiltzailearen aurpegia

Hamaika urte pasatu ditut Euskal Herritik kanpo. Bartzelonan eta Madrilen ibili naiz orain arte lanean eta, aste honetan, 6 hilabete beteko dira Euskal Herrira bueltatu nintzenetik. Konturatu gabe, urte erdia pasatu da, berriz ere zerotik hasi nintzenez geroztik. Eta ez da zerotik hasten naizen lehendabiziko aldia.

Etxe aldaketak izugarri gorroto ditut. Asko egin ditut 11 urte hauetan. Azken hau berezia izan da, ordea. Etxera bueltatu naiz. Azken batean, hiri aldaketa batek, bizitza aldaketa bat dakar. Bartzelonan ikasle garaiaz gozatu, Madrilen profesionalki garatzeko etapa bizi eta, orain, etxean, nire errutina berria eraikitzen saiatzen nabil.

31 urterekin ez dut kotxeko karnetik. Horregatik, garraio publikoaren ordutegietara moldatzea tokatzen zait. Villabona utzi eta Tolosara etorri naiz bizitzera. Pisua alokatzen didan jabearekin ondo konpondu, eta etxeko bakardadera ere ohitzen hasia naiz dagoeneko. 11 urte pisua partekatzen pasatu ondoren, bakarrik bizitzeko beharra sentitu du nire gorputzak.

Hilabete hauetan zerbait ikasi badut, zerotik hasteak bere emozioa eta morboa baduela izango litzateke. Madrilen neukan bizimodua eta orain dudana oso ezberdinak dira. Eta, bien artean, 6 hilabeteko ezberdintasuna baino ez dago. Bizitzak beste testuinguru bat sortzeko aukera eskaini dit. Urte hauetan guztietan egindako akatsetatik ikasi, eta bizimodu berri bat sortzeko irrikatan nago, lagun, lankide, bikote (edo ez) eta lan berri batekin. Ez izan beldurrik bizitza berriz zerotik eraikitzen hasteko. Guztiz zirraragarria da.

Ikusten duzuen bezala, erronka pertsonal potente bat dut aurretik eta, gustuko baduzue, elkarrekin partekatzeko prest nago, datozen hilabeteotan. Kaleetan ikusiko dugu elkar ;)

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!