GOGO ETA GORPUTZAK

Desiratutako amak

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Apalantza 2020ko aza. 16a, 08:58
Desiratutako amak. NAIARA SARASKETA

Txema. Txortan egiteko moduko ama. Kuriosoa azken aldian ama garen lagunok elkarri adarra jotzeko erabiltzen dugun hitz joko hau. Duela urte batzuk pelikula amerikarretan bolo-bolo ageri zen MILFak badu bere euskal bertsioa (kuriosoa baita gizonezko izen batekin kointziditu beharra, joder!). Eta ingelesezko hitz bat izan edo euskarazko hitz bat izan, garrantzitsua ama den emakumearen desiragarritasuna mahai gainean edo gure ahotan jartzea izan da.

Psikologia perinatalean hitz egin izan da, luze gainera, erditu ostean emakumearen desioaren bilakaeran. Desioa ez baita desagertzen, desioa aldagarria da. Asko gustatu zitzaidan Yo soy tu deseo liburuan Aitziber Garmendia aktoreak eginiko deskribapena: gizakiok berezkoena eta irrazionalena dugun sentimendua da desioa. Atsegin ditut bost hizki horiek: D E S I O A. Desioa da norberagan identifika errezana den sentimendua, maitasuna, gorrotoa, afektua edo beldurra baino lehenago ere. Atsegin dut egiazko instintu bat delako, erabat haragizkoa delako, bere garbitasunagatik, gezur edo artifizioak onartzen ez duelako, ezta erdizkako egiarik ere… Desioa desio da lehen taupadatik, ekidin ezina da.

Nola ez du izango desioa emakume batek ama izanagatik? Errepikakorra izan naiteke baina hainbatetan aipatutako kutsu patriarkala ageri da hemen ere, exigentzia eta autoexigentzia, ama on, alaba on, langile on, bikotekide on, maitale on izateko. Berehalako erditze ostean sistema hormonala txikiaren ongizatea bermatzeko prestatuko da; gehienetan horrek desio-sexu binomioa bigarren plano batera eramango du, biologikoa da. Nire beharren gainetik daude nire txikiaren superbibentzia-beharrak. Honek ordea ez du esan nahi plazerik ez dagoenik: plazerra sentitzen da txikia elikatzean, plazera alboan dugunarekin goxo egotean, desiragarri sentitzen naiz, desiragarri sentitu beharko nintzateke.

Autoexigentziak eta gizartean hain errotuak dauden edertasun kanon horiek ez digute erraz jartzen. Haurdunaldian gutxien gizendu dena txalotzen da, erditu ondoren lehen erabiltzen zituen galtzetan sartzen den emakumea txalotzen da: «Lehen bezala zaude, ez dirudi erditu berria zaudenik»,… Beste behin osasunaren gainetik, kiloak eta itxura txalotzen da, txalotu behar dena, zerbait txalotzekotan, ama hori egiten ari den etengabeko zaintza lana denean.

Sexualitatea aldatzen doa gure bizitzan zehar, harremanak, jolasak eta plazera sortu eta desioa piztuko diguten estimuluak aldagarriak izango diren moduan. Badirudi ezin ditugula termino hauek, desioa, plazera, sexua, ama den emakume batekin lotu. Nola uste dute ba sortu ditugula gure haurrak? Desioa ezezaguna den zerbaiten bila irteteko inpultso bat da, norbaitekiko nahia adieraztea, begirada bat itzultzea, ukitu bat irudikatzea. Desioa adierazteak energia askatzen du, norberari bai esatean datza, onarpena eta ez kulpa. Nola itzaliko da ba hori? Emakumea bizi dagoenaren seinalea da desioa. Desioa ez da koitoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!