Gogo eta Gorputzak

«Itxaron! Udazken euritsu giro hau ez da garai ona umeari fardela kentzeko»

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Apalantza 2019ko aza. 23a, 05:59
Fardelak kentzeko garaia. NAIARA SARASKETA

Giroak edo urtaroak ba ote du zerikusirik etxeko txikiek esfinter kontrola garatzeko duten gaitasunarekin? 

Belaunaldi askotan bi urteen udan kendu izan da fardela. Garaia zen nonbait, bi urte handirekin gure txikiak pixoihal gabe ibiltzen ikas zezan. Haur batzuk 18 hilabete izango dituzte uda horretan, 30 beste batzuek. Baina ikasi egiten al da?

Pixontzia erosi. Fardela kendu. Gainean egin. Ai, ai, ai baina begira zer egin duzun! Aldatu. Saria eskaini. Gainean egin. Ai, ai, ai baina jada handia zara eta!

Ez kontxo, ez, ez da ikasten. Umeak behar adina heldutasun lortzean izango du esfinterrak kontrolatzeko gaitasuna. Mugitzen ikasi duen bezala, hitz egiten, janaria manipulatu eta ahoratzen ikasi duen bezala ikasiko du esfinterrak kontrolatzen. Poliki garatzen diren ahalmenak, ahalmen konplexuak dira eta ez da egokiena garapen hauetan esku hartzea, ez behintzat berezko erritmoak alteratuz. Umeak fisiologikoki honetaz arduratzen diren neuronak prest direnean- eta psikologikoki ezetzaren fase potentean bai esatera pasatzean- prest egon beharko du urrats berri hau emateko.

Garapen normal bat duen haurrak sei hilabeteren inguruan erakutsiko du elikagai ezberdinak probatzeko interesa, urtearen inguruan erakutsiko du ibiltzeko nahia eta bi urte eta lau urteren inguruan lortuko du esfinterrak kontrolatzeko gaitasuna. Sozializazioaren etapa eta pauso normaletan hau 3 urteren inguruan gertatzen da, agian eskolan hastea lehen baino goiztiarragoa izateak sartu digu helduoi pixoihala kentzeko beharra edo presa. Ikastetxe batzuetan arau izan da: haurra fardel gabe etorri beharko da. Egiari zor, ez da nire inguruan bizitu eta sentitu dudana, bai aldiz lagun ugarik beste probintzietatik helarazi didatena. Gure aurreko belaunaldiek uda aprobetxatzeko joera hori arropak lehortzeko errazagoa zelako zela esan izan digute. Oharkabean 2 urteak mugarri finkatu dira haurraren garapen honetan eta horrek ume ugariren berezko garapenaz zalantza izan eta modu desegokian esku hartzera eraman gaitu.

Umeak esperimentatu egin behar du, pixa nondik datorren sentitu, kaka nola produzitzen duen jabetu, orain eutsi egin nahi diot, orain bota egin behar dut. Gaitasun honen jabe izateak plazera sortuko du umearengan, produzitu eta kontrolatzearen plazera, helduoi honetaz hitz egitea kostatzen bazaigu ere. Kostatzen zaigu xurgatzeak sortzen dion plazeraz hitz egitea, sexualitatea esploratzean pizten zaien plazeraz aritzea eta kostatzen zaigu kaka eta txiza eusteak umeari sortzen dion plazeraz aritzea.

Interesa duen umeari lagundu egin behar zaio, medioak jarri lortu nahi duen bide horri ekiteko baina bere erritmoak errespetatuz. Hasieran ia gainean duela jabetuko da zerbait gertatzen dela. Sarri busti edo zikindu ostean jabetuko da. Eta guraso eta hezitzaileen papera berdina da: epaitu gabe, bere altueran, umeari entzun eta laguntzea.

Helduon inkontinentzia patologien kausak ugariak izan daitezke baina beti egin ohi dut galdera berdina: Noiz eta nola utzi zenuen fardela erabiltzen? Agian garrantziarik eman ez zenion pauso hark eragina izan du zure esfera genitourinarioan, zure sexualitatean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!