GOGO ETA GORPUTZAK

Konplazientzia

Erabiltzailearen aurpegia Alazne Apalantza 2019ko urr. 19a, 05:58
Konplazentzia. NAIARA SARASKETA

Astelehen buruzuri berri bat. Kontsulta bat pasa dut, talde saio bat ondoren, beste saio bat, paziente berri bat orain.

Hogeita bost urteko emakume gaztea nire aurrean: Alazne, harreman sexualetan min hartzen dut! Mina da, ez dakit ziur noiztik baina badira hilabete batzuk mina sentitzen dudala eta gozamena, gozamena desagertu da sarketa gabe arituta ere. Nire hankartearekin deskonektatu naiz.

Luze hitz egin dugu, bere egunerokoaz: lana, osasuna, elikadura, ziklo hormonala, emozioak, sexualitatea, heziketa. Millenian bat izanik duela hilabete batzuk bere mugikorrean Googlen sartu zituen hitz magikoak: harreman sexualak-sarketa-mina. Eta hara, fisioterapia arloko artikulu batekin topo egin omen zuen eta orduan ikasi zuen dispareunia koitoan sentitzen den mina deskribatzen duen hitza dela. Hurrengo pausoa, berriro Googlen: fisioterapia-zoru pelbikoa-Gipuzkoa. Lagun baten kontsultara iritsi eta hark bidali du nigana, ordura arte jasotako irtenbideek arazoa ez konpontzeaz gain bere egonezina areagotu dutelako.

Hitz egiten jarraitu dugu, ni adi, argia piztuko ote zaidan, kontatzen ari denaren lerroartean zerbaitek ihes egin ez diezadan. Aipatu dit ginekologoarenenan izan dela; batek garrantzirik ez omen dio eman, «pasako zaizu». Besteak aldiz krematxo bat eman dio minik izan ez zezan baina ez du funtzionatu, sentsazio desatseginak sortarazi dizkio. Krema aztertu dut: anestesiko bat da! Hara, a zer soluzio bikaina! Neskak ez du minik sentituko sarketa jolasetan, ezer sentituko ez duelako! Bikotekidearen sarketa gozamena behintzat bermatuko duen tratamendua. Alajaina! Nire haserrea ezkutatzen saiatu naiz, ez fisioterapeutaren haserrea, emakume haserrea baizik! Baina ezin horretan erori, ez kontsultan behintzat.

Solasaldia aurrera doa, nire aurrean ahaldundutako emakume gazte eta askea dudala baieztatu dut. Ze poza. Bikotekideak errespetatzen du eta beraien jolasa aldatzeaz gain, berriz plazera izan dezan laguntzeko prest agertu da. Emakumeak lagunartean ere hitz egin du bere arazoaz:, badira hilabeteak ez gozatzeaz gain mina sentitzen duela jolas intimoetan eta bera, ordura arte bere sarketa harremanez gozatu duen pertsona izaki ez dago prest horrela jarraitzeko. Eta bapatean beste zaplaztekoa. Lagunmin batek, gizonezkoa bera, erantzun dio normala dela, berari sarri gertatu omen zaio, emakumeon gauza omen da, askotan izaten dela mina, ezina, gure aluetan arazoren bat izango omen dugu eta bikotekideak gozatzen badu gaitzerdi.

Pazientearen kasua bera alde batera utzita hausnarketarako bide eman dit lagunarteko elkarrizketa horrek. Bost emakume eta gizonezko gazteren arteko elkarrizketa. Harreman sexualen helburua besteari gozaraztea dela sentitzen duten gizon eta emakumeak. Harreman sexualak koitalak izan behar direla uste duten gazte eta ez hain gazteak. 2019an, ai ama! Heziketa sexual errena jaso duten belaunaldiak, pornografiaren eredua iturri duten belaunaldiak, besteei atsegin behar diegula dioen gizartea. Konplazientzia. Munduko Osasun Erakundearen arabera, emakumeon %8-22ak noizbait mina sentitu dugu harreman sexualetan. Ehuneko hogeita bi! Eta argitu beharko litzateke, lotsaz ezkutuan bizi dutenak zenbat diren, diagnostikatu gabeak zenbat diren. Izugarria da!

Konpromisoa, konpromisotzat sentitu dut nire seme-alabak heztea, heziketa sexual aske eta parekide batean murgiltzea, ahobero hala diogun arren, benetako garaian eskas gabiltzalako. Konpromisoak eta helburuak, tantaz tanta, etxez etxe, lagunetik lagunera, maitaletik maitalera errazago bete ditzakegulako. Has gaitezen, berehala, gaur bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!