Irurako jaiak 2016

Bi asteburu, zapi berdea askatu ezinda

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 22a, 10:18

Irura herensugearen zain da, aurtengo sanmielei ekiteko; lehenengo asteburuaren goseaz, baina bi asteburu izatearen lasaitasunaz, herriko gazteak jo eta ke ari dira lanean.

Berdea dute kolore, eta herensugea animalia. Edo alderantzizko hurrenkera izango da, akaso, jaietako zapia sortu zuena. Kontuak kontu, irurarrek herria eta herritartasuna bizi eta defendatzeko modu berezi bat dute, eskualdeko hiriburuaren itzalean eta anoetarrekin lehia sanoan bizi izandako belaunaldien fruitu. Bada, xarearen gotorlekuari iritsi zaio, beste behin, irurar sentimentu hori soinean hartu eta sanmielez gozatzeko garaia.

Hitzordua aski ezaguna dute haur, gazte nahiz helduek ere, eta bihar iluntzean leku gutxi izango da Irurako plazan, herensugeari ongi etorri emateko. Behin suziria entzun eta gero, bi asteburu eta zorioneko zenbait astegun ere izango dituzte, festaz blaitzeko.

Plazarekin batera, ordea, bada Irurako sanmieletan ia kontrolgune bilakatzen den aterpetxo bat: txosnaguneko karpa. Irurako gazte asanbladaren ardura izaten da udaletxe atzeko eremua antolatu nahiz hornitzea, eta taldea bizi-bizirik dago, Nora Iñurrita kideak azaldu duenez: «55 gazte elkartzen gara gaur egun, eta 14 urtetik 28 urte bitarteko neska-mutilak aritzen gara».

Argi dago, beraz, Irurako sanmielek etorkizun oparoa dutela: «Itxaropen hori dugu, bai. Gure belaunaldikook 23 urte ditugu eta oraindik lanean jarraitzeko gogotsu gaude, baina badakigu guk asanblada uzten dugunean lekukoa bikaina izango dela», dio Iñurritak.

Eta, ez da kasualitatea, gazte asanbladan belaunaldiak aitzakia besterik ez baitira izaten, antolakuntza lanak kudeatzeko: «Belaunaldi bakoitzak ardura jakin batzuk hartzen ditu ekaina-uztaila aldean, prestaketetan hasteko, gure lana izaten baita edariak eskatzea, karpa alokatzea, txosnako barra egitea, edalontzi berrerabilgarriak ekartzea, izotzak erostea nahiz bazkari-afariak antolatzea».

EGUN BAKARRA EZIN AUKERATU

Hasiera guztiek haiekin dakarten zirraragatik, edo egunaren beraren bereziagatik, Nora Iñurritak larunbateko Gazte Eguna aukeratuko luke, sanmieletako ospakizunen zerrendatik: «Egun guztiak gozatzen dugu, goizetik goizaldera». Bihotza erdibitu samar dauka, ordea, ostiraleko playback-a ere une kuttuna baita herritarrentzat, parodiaren umoreaz.

Herritartasuna bereziki sentitze horretan, azkenik, Nora Iñurritak San Migel egunaren berezitasuna ere hizpide izan du: «Beste zenbait herritan helduek bakarrik parte hartzen dute, akaso, baina Iruran gazteontzat ere egun berezia izaten da».

Lan egitea dagokie orain, beraz, urria hasierara bitarte gozatuaz nekatzeko.

Erlazionatuak

Brigada feminista, etxera laguntzeko

Tolosaldeko Ataria 2016 ira 21 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!