Euskalduna aktibatzeko kanpaina

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 3a, 08:00
Ibarrako hainbat eragilek babestu dute ekimena, tartean, ikastolak, gaztetxeak, Hauspoak, merkatariek edo Txiribituk. REBEKA CALVO

«Kezkak» eraman ditu ibartarrak 'I barra-barra euskaraz' abiaraztera; herri euskaldunagoa egin nahi dutela diote, euskararen erabilpenak behera egin baitu azken urteetan

I barra-barra euskaraz norbanakoen, eragileen eta udalaren arteko lankidetzatik sortu da. Euskarak Ibarran bizi duen egoerak kezkatuta sortu dute eta helburua «euskalduna aktibatzea» dela diote.

Udalak euskararen erabilera neurtu zuen 2015 eta 2016 urteetan, eta «bertan ateratako datuak kezka piztu digute», esan zuen Jexux Peñagarikano Euskara zinegotziak eta jaitsierari aurre egiteko udalak osatutako Euskara Aholku Mahaiko kideak. «2007an egindako azken neurketatik 2015ean egindakora 6 puntuko jaitsiera dago erabileran», gaineratu zuen. Hau da, 2007an biztanleen %56,9ak egiten zuen euskaraz kalean eta 2015ean, %50,2ak. Iazko datua hobea bada ere, kezkagarria da: %54,3ak egiten zuen euskaraz neurketa egiterako garaian.

I barra-barra euskaraz kanpaina herriko hainbat eragilek eta norbanakok abiarazi dute eta horietako batek, Begoña Ballesterosek, esan zuenez, datuak argiak dira: «Euskara jakin badakigu, baina oso gutxi erabiltzen dugu gure elkarrizketetan. Haurrak daudenean soilik egiten dugu euskaraz eta gure artean gaudenean normalean, erdarara jotzeko joera dugu». «Herri euskaldunagoa egin nahi dugu», gaineratu zuen. Euskaldunei egiten diete eskaera beraz, «gutxienez astebetez bere egunerokotasunean euskaraz aritzea, hau da, lanean, lagunartean, bazkalosteko kafean, erosketetan...», gaineratu zuen Pili Bilbaok.

Egitasmoarekin bat egin nahi dutenek, bihar jarriko duten mahaian izena eman beharko dute atzo ere plazan jarri zuten mahaia. Soinean eman beharreko txapa bat jasoko dute «jendearen arteko komunikazioa errazteko eta aldi berean, elkarri gogorarazteko zertan ari garen», esan zuen Hauspoa elkarteko Onintza Aranaldek.

Txaparekin batera parte hartzen dutenek eguneroko bat jasoko dute eta bertan aste horretan bizitakoaren berri eman ahalko dute.

 



DATUAK

2007an biztanleen %56,9ak egiten zuen euskaraz kalean eta 2015ean, %50,2ak. Iaz %54,3era igo zen erabilpena, baina datua «kezkagarria» da oraindik. «Kale neurketa egin zuen udalak eta bertan ateratako datuek igoera txiki bat erakutsi zuten, izan ere, neurtutako herritarren %54,3ak euskaraz ari zen neurketa aldiaren unean. Datua hobea den arren, oraindik zortzi urteko egoera baino okerragoa da», esan zuen Peñagarikanok.

Batzuek euskara haurrekin eta animaliei hitz egiteko erabiltzen dutela esan ohi da, eta Ibarran haurren kasuan behintzat, hala dela dirudi: euskararen erabilera handiena soilik haurrak tartean direnean neurtu dute, %84,6ko datua emanaz. Horiek horrela, haurrak tarteko helduen %68ak egiten du euskaraz, baina haurrik ez dagoenean, %33ra jaisten da erabilpena. Datuak ikusita galdera bati erantzuten saiatu dira kanpainarekin: «Nola egingo dugu jaitsiera hori gelditu eta igotzeko bidean jartzeko?».

 

DATAK

Maiatzak 4. Mahai informatiboa jarriko dute Danon Txokoa tabernaren inguruan, 17:00etatik aurrera. Ekimenean izena emateko aukera egongo da; izena ematen dutenek txapa bat eta egutegi bat jasoko dituzte.

Maiatzak 5. Garikoitz Muruak egindako logoaren horma-irudia egiten hasiko dira Euskal Herria kalean zehar.

Maiatzaren 8ko astea. Hainbat apaingarri jarriko dituzte herrian zehar.

Maiatzak 12. Egitasmoan parte hartuko dutenekin ekimenari hasiera emateko festa egingo dute San Bartolome plazan.

Maiatzak 19. Erradikalak gara antzezlana ikusi ahal izango da, eta Beko Bideko plazan amaiera festa egingo dute. Parte hartzaileek hamabost egun horietan osatutako egunerokoak jasoko dituzte.

Maiatzak 27. Tolosaldeko Arnastu Euskara ekimenarekin egingo dute bat. Lip-dub bat grabatuko dute Tolosako Alde Zaharrean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!