Maiatzaren 22ko astera atzeratu dute sistema berria

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko api. 26a, 18:00
Edukiontziak ireki ahal izateko txipak maiatzaren 18, 19 eta 20an banatuko dituzte Bekobideko lokalean. ATARIA

Ibarrako Udalak jakinarazi du hiri hondakinak biltzeko edukiontzi sistemaren ezarpena bi aste atzeratuko dutela; txip banaketa ere egunez aldatu dute

Ibarrako Udalak berriz ere atzeratu du hiri hondakinak biltzeko sistema berria. Atez ateko sistema atzean utzi, eta edukiontzi bidez bilduko dituzte hondakinak aurrerantzean. Martxoan ziren hastekoak, maiatzaren 2ra atzeratu zuten gero, eta azken berrien arabera, maiatzaren 22ko astean hasiko dira. Lehen aste horretan atez ateko zein edukiontzi sistema, biak, egongo dira indarrean. Arazo teknikoak direla eta ari dira atzeratzen ezarpena.

Atzerapen berri honen ondorioz, errefusaren eta organikoaren edukiontziak irekitzeko txipak ere ez dituzte aste honetan banatuko, maiatzaren 18, 19 eta 20an baizik. 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 21:00etara banatuko dituzte Euskal Herria kaleko 18. zenbakiko atzealdean dagoen Bekobide kaleko lokalean.

Udalak edukiontziak herriko 20 bat gunetan jartzea aurreikusi du eta ezkaratzetan zonalde bakoitzari dagokion kokapenaren berri ere eman du. Kokapen horiek, dena den, behin behinekoak dira, izan ere, alegazio epea ere zabaldu zuten. Pasa den ostiralean bukatu zen edukiontzietarako gune berriak edo aldaketak proposatzeko epea, eta aurki beraz, behin betiko kokapenen berri emango dute.

Maiatzaren 22tik aurrera hondakin guztiak edukiontzi bidez bilduko dituzte Ibarran. Hala, ontzi arinak eta papera zein kartoiaren edukiontziak irekita egongo dira, baina errefusa eta organikoaren edukiontziak irekitzeko, txip bidezko txartela erabili beharko da.

Merkataritza eta ostalaritzak, berriz, bi aukera izango dituzte. Organikoa, errefusa eta kartoia atez ateko bilketa erabili dezakete edo organikoa, errefusa eta kartoia edukiontzietan utzi dezakete ohiko baldintzetan. Atez ateko sistema aukeratuz gero organikoa astearte, ostiral eta igande gauean atera beharko dute eta errefusa larunbat gauean. Kartoia egunero atera ahalko dute, astelehenetik ostiralera, gauean. Ontzi arinak kasu guztietan edukiontzietan utzi behar dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!