EPPK-k esan du «lege baliabideak» erabiliko dituela «etxeratze» bidean

Tolosaldeko Ataria 2013ko abe. 30a, 10:26
EPPK-ko Mintzakidetzako kide da Anabel Egues elduaindarra. Kolektiboa Euskal Herriratzea modu mailakatuan eta konpromiso indibidualekin nola egin aztertzeko prest agertu da.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) prest azaldu da «Euskal Herriratzea lehentasunez eta etxeratzea ezinbestez» lege baliabideak erabiliz egiteko, nahiz eta horrek «inplizituki zigorraren onarpena» ekarri. Lokarri eta Bake Bideak antolatutako Foro Sozialak joan zen maiatzean Aieten aurkeztutako ondorioei erantzun die EPPK-k BERRIAra helarazitako bideoak eta oharrak. Udan egindako eztabaidaren ondorioen berri emanez, Marixol Iparragirre EPPK-ko mintzaideak espetxetik irakurritako oharrak argi dio gomendio horiei jarraituz iragarritako urratsek presoen egoera konpontzetik haragoko helburua dutela: «Konponbide prozesua lokaztu ez dadin, EPPK-k dagokion ardura hartu du bere gain». Ardura onartu dute, «gatazkan bezala konponbidean ere aktore aktibo eta eraginkor izateko konpromiso osoa» dutela uste dutelako.

«Tresneria judizial-juridikoa egoera politikora egokitu» behar dela dio EPPK-k, kartzela politika «errotik» aldatzeko. Baina, nolanahi ere, ontzat eman dute beren «etxeratze prozesua» legeak ematen dituen zirrikituak baliatuz egitea. Hala, legeek eta beren aplikazioak aurrerantzean garrantzi handia izango dutela nabarmendu du EPPK-k: «Egin behar diren urratsak sendotzeko izan behar dute». Foro Sozialaren bosgarren gomendioa ia hitzez hitz beren eginez, onartu egin dute prozesu hori, egitasmo orokor baten barruan izanda ere, «modu mailakatuan, konpromiso indibidualekin eta denbora zuhur batean» egitea.

Urratsak iragartzeaz gain, egin ere egin dituzte EPPK-ko kideek, oharrean bertan: «Gatazka politikoan izandako ondorioekiko erantzukizun osoa» onartu dute, eta norberaren erantzukizunak onartzeko ere prest azaldu dira. «Eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortu» dute, eta ontzat jo dute «borroka aurrerantzean molde politiko eta demokratikoetatik egitea». Beste modu batera esanda: «Berretsi egiten dugu aurrera begira uko egitea iraganean inposizioari, zapalkuntzari eta eskubide urraketei aurre egiteko baliatu moldeari».

Pauso horiek aurrera eramateko gomendioen sustatzaileekin eta «Euskal Herriko eragileekin» harremanak abiatuko dituztela iragarri dute, gainera, kolektiboko mintzaideek. Gogoeta eta proposamenak trukatzeko prest agertu dira, «prozesuak aurrera egiteko erabaki eta urratsek guztiongandik behar duten babesa izan dezaten».

Horretaz gain, beren «izaera eta duintasun politikoa zalantzan jarriko ez duen etxeratzea gauzatu dadin adostasun zabala» bilatzeko deia egin die herritarrei, instituzioei, eragile sozialei eta alderdi politikoei.

 

 

 
 

EPPK-ko presoak

Euskal Preso Politikoen Kolektiboan 526 preso daude gaur egun. Haietako 393 Espainiako espetxeetan daude, eta 116 Frantziakoetan. Euskal Herrian bost lagun besterik ez dago preso; eta bana daude Portugalen, Ingalaterran eta Irlandan.
 
 

Foro Sozialaren gomendioak

Presoen gaiari dagozkio Foro Sozialak kaleratutako hamabi gomendiotatik lau:

1.- «Preso eta iheslarien gaiari buruzko konponbide integral bat adostea. Legeak errealitatera egokitzea eta justizia trantsizional bat ezartzea. Hasiera puntu bezala, giza eskubideen kontrakoak diren espetxe politikaren aspektuak aldatzea, nazioarteko estandarren kontrakoak diren salbuespen neurriak bertan behera utziz, hala nola gaixo larrien egoera, zigorra bete duten presoak aske uzteko ezezko jarrera eta sakabanaketa».

2.- «Itzultze prozesua lege baliabideak erabiliz gauzatzea; prozesua integrala izanik, era mailakatuan, banaka eta zentzuzko denbora tarte batean. Presoek bake jokaleku berriarekiko konpromisoa agertzea eta indarkeriazko bideei uko egitea eskatzen du prozesu honek. Gainera, bere jardueraren ondorioz egindako mina aitortzea».

3.- «Bake eta normalizazio prozesua garatzeko, presoak eragile aktiboak izatea. Horregatik, garrantzitsuak dira presoen eta euskal herritarren eta erakunde eskudunen arteko harremanak».

4.- «Iheslarien egoera aztertzea, konponbide bat emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!