«Antzeztea maskara bat jartzea bezalakoa da»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 9a, 07:55

Askorentzat sorpresa izan da Arantzazu Rodas (Berrobi, 1995) taula gainean ikustea. Antzeztea barru barruan daraman zerbait da, natural ateratzen zaio. Betidanik gustatzen zaio, baina Berrobiko antzerki taldeak eman dio aurrera egiteko grina. Lehen aldia da lehiaketa batera aurkezten dela eta finalera pasatzeko txartela lortu du.

‘Aingerutxoak’ da Antzezmotz Lehiaketara aurkezteko aukeratu duzun lana. Iaz antzeztu zenuten Berrobin bertan, ezta?
Iaz antzeztu genuen, bai. Ikasturte bukaerako lana izan zen. Hainbat esketxez osatutako lana zen eta bertan, protagonista nintzen, nolabait; nik esketx bat egiten nuen, eta gero, nik esandakoarekin zerikusia zuen beste esketx bat egiten zuten. Antzezmotzerako 8 eta 15 minutu arteko lan bat aukeratu behar zen eta nire zatia zen horretarako egokia zen bakarra.

Eta zein da zure papera? Zer kontatzen du bakarrizketak?
Irakasle ikasketak ikasi duen emakume bat da protagonista. Hura ikasi eta ez du horretan lan egiteko aukerarik izan, beste lan batean dabil. Azkenean deitu egiten diote eta irakasle hasten da, poz pozik. Baina gauzak ez dira uste bezala; frustrazioa sentitzen du... umeez nazka-nazka eginda bukatzen du eta beste lanera itzultzen da.

Noiz hasi zinen antzerki munduan?
Eskolan hasi nintzen, LH 1ean edo, eskolan antzerkia lantzen genuen eta nire irakasgairik gustukoena zen. Eskolako kultur astean lan bat antzezten genuen eta asko gustatzen zitzaidan. Eskolako irasleak, Elena Aranbarrik, Tolosan ere ematen ditu eskolak eta berak gonbidatuta ere beste pare bat lanetan edo parte hartu nuen. Goenkaleko hautaproba batean ere hartu nuen parte eta 30 segundoko zerbait egin nuen, gutxi, baina ni gustura. Antzerkia gustatzen zait batez ere, telebista baino gehiago. Taldean oso gustura nabil.

Zer sentitzen duzu antzeztean?
Segurtasuna ematen dit taula gainera ateratzeak. Lehen oso urduri jartzen nintzen, lotsatu egiten nintzen, baina gerora hazi ere egiten nintzen taula gainean. Aingerutxoak Berrobin antzeztu aurretik egindako entsegu orokorrean oso gaizki pasa nuen, baina antzerki egunean bertan oso ondo egon nintzen. Antzezmotzen ere oso ondo egon nintzen, paperean sartu nintzen eta indarra eman ziten. Lehen aldia da lehiaketa batera aurkezten naizela eta oso gustura egon nintzen, ezin izan dut hau ikasi, baina zaletasuna dut.

Berrobiko taldean ikasitakoak ere balioko dizu...
Ester (Poveda) irakaslearekin oso gustura nabil. Lehenik tailerrak egiten ditugu, konfiantza hartzeko gure artean, ahotsa proiektatzen ikasteko, gorputzaren posturak ikasteko... Gauza asko lantzen ditugu. Xehetasun asko daude eta ariketen bidez hori lantzen dugu. Taldean ikasitakoak asko lagundu dit eta nire buruarekin seguruago sentitzen naiz. Antzezmotzen esaterako, urduritasunak ez ziren asko eragin eta oso gustura geratu nintzen. Sentsazio onarekin, irabazi edo ez. Irakasleak esaten dit esfortzu handirik gabe antzezten dudala. Antzeztea maskara bat jartzea bezalakoa da, ni naizena ateratzen dut, baina babestuta sentitzen naiz.

Erlazionatuak

«Izendapenak jasotzea saria da jada»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 mar 09 Berrobi

‘Aingerutxoak’, finalera

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 mar 09 Berrobi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!