"25 urte barru, berriz elkartu gaitezen"

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko aza. 12a, 18:02

Berastegiko J. A. Muñagorri eskolak, 25. urteurreneko festa eguna ospatu du. Goizean, hasiera ekitaldia burutu dute, J. A. Muñagorri eskolak 25 urte dokumentala ikusi aurretik eta guztiek batera bazkaldu eta dantzatu baino lehen.

Herri bat bizi mantentzen duen eskolaren mende laurdena ospatu dute, gaur, Berastegin. Hain zuzen ere, gaur bete dira 25 urte, J. A. Muñagorri eskola inauguratu zutela. Eskola zaharretik berrirako saltoa emanda hazten joan den proiektuan murgildu ziren berastegiarren bizipen eta sentimendu guztiak plazaratu dira J. A. Muñagorri eskolako aretoan, goizean egin duten hasiera ekitaldian. Bertan, Ane Garate zuzendariaren eta Amaia Agirre alkatearen hitzak entzun ondoren, bertsoak abestu eta agurra dantzatu dute ikasle ohi batzuk. Jarraian, eskolako ikasle zaharrena eta gazteena izan dira zinta moztu dutenak.

Lasaiago zegoen, ondoren, Garate zuzendaria, ekitaldiko urduritasunak behin uxatuta. "Jada ireki ditugu ateak, eta jendea hasi da azken hilabeteko lanaren fruituak ikusten". "Ekitaldia xumea izan da, gertukoa eta herritarra, bertan, ikasle ohiek parte hartu dutelarik", gehitu du. Eta hain zuzen, lehen aipatutako sentimendu eta bizipenak, ondoren ere plazaratu dira, Irati Saizar eskolako ikasle ohiak, bertako irakasleak eta zuzendaria elkarrizketatu ondoren, osatu duen bideoa pantailan ikusi ahal izan denean. "Interesgarria eta emozioz jositakoa izango da, elkarrizketatuei ere galderak egiterakoan, emozioa bilatu nahi izan digulako. Malkoren bat edo beste ere isuriko zaio bakarren bati".

Eskola bera ere, ekitaldia bezala, bertakoa eta herritarra da Garateren hitzetan: "herri bat eskolarik gabe ez delako ezer". Gaur ireki ditu ateak, eta bertan, sukaldean nola aritu ikasteko, argazki zaharrak ikusteko, jolaserako, euskal dantzak ikasteko edota aurpegia marrazteko tailerrak izan dira. Azkenik, herri bazkaria egin dute frontoian eta festarekin amaitzeko, jolasak eta erromeria izan dituzte.

Erlazionatuak

Agurra eta bertsoak, Muñagorri eskolari

Josu Artutxa Dorronsoro 2017 aza 12 Berastegi

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!