«Ikasteko gogoz nago eta talde ona daukat ondoan»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko abe. 29a, 08:00

Mariano Lazkanoren bat-bateko heriotzak ezustean harrapatu zuen Silvia Moneo Cid, baina jada  hasi da lanean eta argi du zeintzuk diren herriko beharrak: gazteak herrira erakartzea eta adineko pertsonei bizimodua erraztea.

Silvia Moneo Cid (Tolosa, 1994) da Belauntzako alkate berria. Tolosan jaio zen, baina 19 urte dira Belauntzan bizi dela. Gogotsu hartu du kargua eta garrantzitsuena herritarren beharrak entzutea dela esan du. Helburu behinenak zahartzen eta gutxitzen ari den biztanleriari aukera berriak ematea eta herria biziberritzea direla esan du.

Gaindegiak egindako azterketa baten arabera, Belauntzak biztanleria galdu du nabarmen. Ba al duzue proiekturik egoerari buelta emateko?
Datuak begiratzen aritu gara eta egoerari buelta emateko proiektu sozial bat dugu eskuartean. 65 urtetik gora 54 pertsona daude herrian eta errondan 245 pertsona besterik ez gara, honek arduratzen gaitu, pentsa 5-10 urtetan jasango dugun galera. Arazo handi bat da. Horregatik eskuartean ditugun proiektu guztiak herriaren birjendeztatzea begirakoak dira. Hau da, jende gaztea erakarri nahi dugu eta ditugun zaharrak ahal den egoerarik onenean egon daitezela bermatu.

Eta zeintzuk dira bada, proiektu horiek?
Martxan hiru proiektu ditugu. Batetik, pabiloietako ur ekarrera berria egiten ari gara, pabiloiak behar dituzten elementuekin hornitu behar baititugu. Bestetik, errepideak asfaltatzen aritu gara, jendea beren etxeetara arazorik gabe iristeko, batez ere, orain, neguan. Baserriak sakabanatuta daude eta bideak egoki eduki behar ditugu, herritarrentzat garrantzitsua da eta beraientzat garrantzitsua bada, baita guretzat ere. Azkenik, larrialdi bat dagoenean, esaterako, zaila izaten da baserriak topatzea. Anbulantziak etorri behar duenean edo, ez daki non dauden etxeak eta arazoak ekiditeko baserriak topatu ahal izateko kartelak jarri ditugu, mapa batzuekin, eta hauek gauetan ere ikusi daitezke. Hiru proiektu hauek guztiz bukatuta egongo dira urtarrilerako.

Eta behin horiek bukatuta, zein asmo dituzue?
Beste lau proiektu ditugu. Premiazkoena dena da zaborra biltzeko pabiloi bat eraikitzea.
Herrian nahiko sistema pertsonalizatua dugu hondakinak jasotzeko. Pertsona batek jasotzen ditu etxe atarietan eta gune batera eramaten ditu birziklatu ahal izateko, baina gunea ez da egokiena. Herritarrak sistemarekin oso gustura daude eta beraz, horrela jarraituko dugu, baina birziklatzeko gune hori egokituko dugu. Horrez gain, bertan baserritarrek beren materiala gorde ahal izango dute, guztiek ez baitute material guztia gordetzeko lekurik. Udaletxeko langileek erabiltzen dituzten tresnak ere bertan gordeko lituzkete. Gaur egun elizaren azpian dagoen lokalean uzten dituzte eta gure asmoa da hori hustu, pabiloira eraman, eta bertan herritarrak biltzeko eta gustura egoteko gune bat egitea, batez ere adinekoei begira. Beharrezkoa balitz, adineko jendearekin egongo litzatekeen pertsona bat hartuko genuke, baina hori ikusiko dugu. Hau guztia egiteko diru laguntzak behar dira, ordea, Belauntza herri txikia izanik ezin baitu kostu guztia bere gain hartu.


Eta gazteei begira, zer egingo duzue?
Ikastola zaharrak etxebizitza bihurtu nahi ditugu, hori ere landuko dugu, baina oraindik ez dakigu nola egingo dugun. Etxebizitza hauen ondoan badago ere udalarena den lursail bat eta hor ere etxebizitzak egin nahi ditugu, aurretik aipatu dugun hori lortzezko, hau da, gazteek herrian geratzeko aukera izateko eta orokorrean, jende gaztea erakartzeko eta iraulita dugun piramide demografikoari buelta eman ahal izateko. Horregatik ere ezin dugu sekulako kostua izango duten etxebizitzak egin. Hausnartu eta proiektuak garatu behar ditugu. Iritziak ere bildu nahi ditugu eta bilerak egingo ditugu. Hainbat kirol egiteko aukera emango duen futbol zelaia eta bolatokia ere egin nahi ditugu. Frontoia itxi genuen eta egunero beteta dago, jende asko erakartzen du eta kirol gune berri horrekin ere bide horretatik jarraitu nahi dugu. Aurreproiektuak eginak ditugu eta orain aurkeztu eta diru laguntzak bideratu behar ditugu.


Gogotsu heldu diozu erronkari beraz, proiektu asko dituzu mahai gainean.
Marianok jende gaztea inplikatu nahi zuen herrian eta bere garaian eskua luzatu zidan bere ondoan egoteko. Bere ondoan egon eta ikasteko asmoz onartu nuen erronka, ez nuen espero hau gertatuko zenik, bat-batekoa izan da eta ohitu egin beharko dut. Ikasteko gogoz nago eta talde ona daukat ondoan.


Denok Bateko lau kidek eta Gazteak Aurrerako hiruk osatzen duzue udalbatza, zer moduz moldatzen zarete?
Aurrerantzean denak batera ariko garela uste dut eta nire ustez ikuspuntu desberdina edukitzea aberatsa da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!