Belauntza, biztanlerian galera gehien izan duten herrien artean

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 27a, 16:05

Gaindegiak Euskal Herriko geografia demografikoaren bilakaera eta joerak bildu ditu eta 2008-2014 urteen artean eskualdeko herriak %18,5eko galera izan du, txostenak jasotzen duenez.

Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak Euskal Herriko aldagai demografikoen bilakaera ezagutzera eman eta horiek geografiarekin duten hartu-emana aztertzea helburu duen txostena argitaratu berri du.

Udalbiltzaren enkarguz egin du lana. Azterketak hainbat datu esanguratsu ekarri ditu argitara; badirela hainbat eskualde eta udalerri bizitasun demografiko egokia mantentzeko zailtasunak dituztenak, esaterako. Tolosaldea ez dago horien artean, baina eskualdeko herri batek, Belauntzak, aipamen berezia merezi du, izan ere, 2008 eta 2014 urteen artean biztanleriaren bilakaeran galera handieneko 15 udalerrien artean, hamabigarrena da. Aipatu epealdian %18,5eko galera izan zuen.

Belauntzako biztanleriak 1999tik galera izan du, 2005-2008 urteen artean izan ezik, orduan %10,4ko hazkundea izan zuen. Galera txikiena 2002-2005 epealdian izan zuen, %1,7koa. Biztanleria galdu duten eskualdeak, orokorrean, landa eremukoak dira; «udalerri txiki eta landa ingurunekoak dira gehienak eta jarduera ekonomiko urrikoak eta oinarrizko zerbitzuekiko urrun daudenak», dio Gaindegiaren azterketak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!