Txapartegiren egoeraren inguruan galdetu dute Suitzar parlamentuan, birritan

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 15a, 11:30

Alderdi sozialistako parlamentari batek asteasuarraren egungo egoeraren inguruko galdera egin du eta Berdeak taldeko beste batek, 2015ean egin zizkioten ustezko jarraipenen ingurukoa.

Joan den martxoaren 8an Carlo Sommaruga, Suitzako alderdi sozialistako parlamentariak idatzizko galdera aurkeztu zion Suitzako Kontseilu Federalaren Justizia eta Polizia sailari Nekane Txapartegiren egoeraren inguruan. Galderan jasotzen den moduan, Txapartegi 2016ko apirilaren 6tik dago atxilotua Suitzan, Espainiak eskaturiko estradizio agindua betetzearen zain. Galderak Guardia Zibilak 1999ean 26 urte zituela atxilotu eta torturatu zuela gehitzen du.

Suitzako gobernuak aurreko martxoaren 13an erantzun zuen, kasuaren berezitasunak eta salaturiko oinarrizko eskubideen bortxaketa larria dela eta prozedurak tarte luzea hartu duela onartuz. Justizia Bulego Federalak tortura salaketa atentzio handiz aztertzen dabilela dio gobernuak eta erabakia goiz iritsi beharko litzatekeela gehitu du.Galdera eta erantzuna eskuragarri daude Suitzako parlamentuko webgunean.

Bestalde, martxoak 8an bertan Berdeen taldeko Denis de la Reussillek parlamentariak Espainiar poliziak 2015ko urtarrilean Txapartegiri egindako jarraipenen inguruan beste galdera bat sartu zuen parlamentuan, gai honen inguruan oraindik ez da erantzunik jaso.   

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!