Iazko bi azkarrenak Asteasun izango dira

Asier Imaz 2015ko abe. 3a, 11:11

Asteasuko XVII. Ziklo Kros proba larunbatean jokatuko da, Elizmendi auzoan. Aurtengoan ere Aitor Hernandez eta Jabier Ruiz de Larrinaga Asteasun izango dira.

Iaz, bien arteko sprintean amaitu zen lasterketa. Orduan, Hernandez izan zen azkarrena. Aurten, beraz, Ruiz de Larrinagak errebantxa gogoa izango du. Denboraldia bikain hasi zuen Hernandezek, baina azken lasterketetan Ruiz de Larrinaga indartsu dabil, eta Asteasun aurretik helmugaratzeko asmoa izango du.  
Aitzondo Txirrindulari Elkarteak antolatzen du proba, «herritarren eta Asteasuko merkatari naiz enpresen laguntzarekin». Joxe Ramon Aiertza Aitzondoko kidea da, eta iazko lasterketa oraindik ez zaio ahaztu: «Oso polita izan zen. Aitor proba guztiak irabazita etorri zen, eta hemen Larrinagak hortzak erakutsi zizkion. Aurten ere antzeko ikuskizuna espero dugu». Horretarako sarrera sinboliko bat ordaindu beharko da,  aurreko edizioetan bezala. «3 euroren truk zenbaki bat ematen dugu, saski baten zozketarako», argitzen du Aiertzak.


Lasterketa nagusia, eliteen mailakoa, 12:00etan hasiko da. Lehen bi itzulien arabera, amaiera ordua jarriko dute epaileek. Bi aukera daude: 58 minutu inguruko lasterketa izatea, edo ordubete eta 3 minuturen bueltan ibiltzea.


Probaren filosofia
Asteasuko ziklo kros proba garai gogor batean jarri zuten martxan. «Txirrindularitza modalitate hau garai gogorra pasatzen ari zen, eta Asteasun lasterketa bat antolatzen hastea erabaki genuen. Ondoren, babesleen laguntza handitzen joan zen, eta probak nazio arteko izaera hartu zuen», gogoratzen du Aiertzak. Izaera aldaketa horri esker, Asteasura Euskal Herritik kanpoko txirrindulari handienak etortzen hasi ziren. Horien artean Sven Nyjs belgikarra. Azken krisiak, ordea, lasterketaren etorkizuna kolokan jarri zuen. Aitzondoko kideak honela argitzen du: «Erabaki bat hartu behar izan genuen. Nazio arteko maila zuen lasterketa bat antolatu eta utzi, diru guztiak gastatuz, edo ziklo krosa bultzatzen jarraitu lasterketa xumeago bat antolatuz. Hasierako helburu haietara itzultzea erabaki genuen». Xume-xume jarraitu arren, euskal txirrindulari handien joan etorriak ez du amaierarik izan. Horren adibide da aurtengo txirrindularien zerrenda.


Berriro nazio arteko izaera berreskuratzeko aukeren inguruan, Joxe Ramon Aiertzak argi erantzuten du: «Urtean zehar beste hainbat proba ere antolatzen ditugu Aitzondotik, eta babesleak bilatzea gero eta zailagoa dela esan beharra dago. Beraz, momentuz ezinezkoa izango da izaera hori berreskuratzea».
Azkenik, antolatzaileek inguruko herritarrei dei egin diete, proba ikustera joan daitezen eskatuz. Eguraldi ona aurreikusita dagoela gogoratu dute, gainera. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!