Erretiratuen taberna berriz zabalduko dute gaur Anoetan

Jon Miranda Labaien 2017ko mai. 9a, 08:00
Esnaola tabernaren atarian inaugurazioko prestaketa lanak bukatzen. JON MIRANDA

Ana Esnaola goierritarrak hartu du Alkartasuna biltokiaren ardura eta gaur 19:00etan inaugurazio ekitaldia egingo dute taberna-jatetxean.

Anoetako Udalak berriki moldatu du Alkartasuna erretiratuen biltokiko joko eremua. Egunero egoten da irekita, 17:30etik 20:30era. Azken hilabeteetan, ordea, tabernaren zerbitzurik ez dute izan pentsiodunek itxita egon baita biltokiaren zati hori. Udalak lehiaketara atera ondoren, Ana Esnaolak ustiatuko du taberna-jatetxearen zerbitzua gaurtik aurrera. 19:00etan egingo dute inaugurazio ekitaldia.

Esnaolak adineko pertsonen zaintzan eta ostalaritza arloko enpresen kudeaketan esperientzia du. «25 urte eman ditut Donostian ostalaritzako enpresa batean lanean eta langabezian geratu ondoren, Anoetako lehiaketaren berri jaso nuen». Bide Bide ostalaritza enpresako Garbiñe Alkiza eta Enrique Niñoren bitartez jakin zuen aukera hau bazegoela eta haien aholkularitza izan du taberna-jatetxea martxan jartzeko. «Haiekin lan egindako pertsonak ariko dira hemengo sukaldean lanean», dio Esnaolak.

Zortzi lagunek eramango dute Alkartasuna berriaren martxan lau lagun barran eta beste lau sukaldean. Anoetako erretiratuei zerbitzua eskaintzeaz gainera, ordutegi zabala izango du: 09:00etik 22:00ak arte, astegunetan. Asteburuetan oraindik ere beranduagora arte egongo da irekita eta ostegunean, beste tabernetan bezala, pintxo poteoa egingo dute.

ZERBITZUA HERRI OSOARI

Anoetako alkate Pello Estangaren hitzetan jatetxe zerbitzua eskainiko duen establezimendu baten falta zuten herrian. «Hutsune hori betetzera etorriko da», beraz, Alkartasuna. Eguneko menua 11,50 euroan emango diete bezeroei, Esnaolaren ustez, «gehienbat inguruko enpresetako eta bulegoetako langileei». Lau lehenengo plater, lau bigarrengo eta beste hainbeste postre eskainiko dira, edaria eta kafea barne. Asteburuetan, berriz, ogitartekoak plater konbinatuak eta plater bereziak izango dira.

Gainera, denen bistara, oilaskoak ere erreko dituzte tabernan. «Inork etxerako behar baditu, aurrez eskatu ahal izango ditu». 943 65 02 99 telefono zenbakian artatuko dituzte bezeroak hemendik aurrera.

Ehun pertsonentzako jantokia izango dutela nabarmendu du tabernaren arduradunak: «Erretiratuek jokorako erabiltzen duten eremua baliatu ahal izango dugu beharra badugu, beti ere haiek erabiltzen duten ordutegitik kanpo». Kanpoaldean terraza bat ere egokituko dute, bertan zerbitzua eskaini ahal izateko.

Adin guztietako jendea erakartzeko asmoz zabalduko ditu ateak Alkartasuna jatetxe-tabernak eta horretarako inaugurazio ekitaldian pintxoak eta edariak banatuko dituzte gaur. Itxura aldatuta, asmo berriz eta «ilusioz beteta» ekin dio Esnaolak ardura berriari. «Aspalditik buruan nerabilkien proiektua da eta gogoz nago lanerako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!