Amezketan hitzaldi-tertulia bat egingo dute bihar, hilaren 6an, zahartzaroari buruzko gogoeta sustatzeko helburuz. Hitzordua 18:00etan hasiko da, Pernando Amezketarra kultur etxeko areto nagusian, eta gonbidatu nagusia Arantxa Urretabizkaia idazle eta pentsalaria izango da.
Ekimena elkarlanean antolatu dute Irakurle Taldeak eta Elordi Jubilatuen Elkarteak, eta Nola antolatu gure zahartzaroa izenburua jarri diote. Antolatzaileek azaldu dutenez, gaur egungo gizartean «gero eta pertsona gehiago» iristen dira adin aurreratuetara bizi baldintza egokietan, eta horrek bizitzaren azken etapari buruzko «hausnarketa berriak» eskatzen ditu.
Adinekoak erdigunean
Testuinguru horretan nabarmendu dute erretiroa ez dela «jarduera etenaren sinonimoa», baizik eta «bestelako interes eta ekarpenetarako» aukera. Antolatzaileen iritziz, «urte luzez eskuratutako esperientzia eta gaitasunek» baliagarri izaten jarraitzen dute, eta pertsona askok jarduera berriak garatzen dituzte, hala nola, «senideei laguntzea, zaletasunak lantzea edo komunitatean parte hartzea».
Elordi Jubilatuen Elkarteak, hain zuzen, adinekoen beharrei erantzutea eta zahartzaro aktiboa sustatzea ditu helburu, eta hitzaldi horrek «ildo horretan sakontzeko» balioko du. Antolatzaileen arabera, Urretabizkaiaren ibilbide literario eta pentsamenduak ikuspegi aberatsa eskainiko du gaiari heltzeko.
Hitzaldia irekia izango da interesa duen edonorentzat, eta herritarren artean hausnarketa eta eztabaida sustatzea espero dute.