«160 milioi urtez, itsas azpian egon zen Euskal Herria»

Publiko orokorrari Euskal Herriko biodibertsitatea, paisaia, eta bere historia irakurterraz bihurtzeko xehetasun ugari biltzen dituen liburua idatzi berri du Asier Hilario geologo tolosarrak. «Erronka handia eta oso interesgarria izan da».

Amezketako San Martin atseden-lekuan aurkeztutako proiektuen artean aurkitzen da, Asier Hilario (Tolosa, 1977) geologoak egindako Geodibertsitatea, gure lurraldearen memoria ezkutua liburua. Euskal Autonomia Erkidegoko paisaiak eta geologia publiko zabalari azaltzeko inoiz egin den lehen bilduma da.

Zer kontatzen da aurkeztu berri duzuen liburuan?

Euskal Herriaren ikuspegi geologikoa azaltzen du. Guk dugun paisaia oso txikia da, baina aldi berean, aniztasun handikoa. Eta ez da kasualitatea, 400 milioi urteko historiaren ondorioa da. Urte guzti horietan, gertaera ugari izan dira: Euskal Herria Itsaso tropikal bat izan da, baita basamortu bat edota Himalaia bezalako mendikate bat ere, Pirinioekin batera altxatu da, eta glaziar bat ere izan da bertan. Guzti horren ondorioz ditugu gaur egun ditugun arrokak, dugun egitura, dugun paisaia. Horrez gain, gaur egun dugun paisaiak izan duen bilakaerak, ekologia, erliebea, jarduera ekonomikoa eta gizartea nola baldintzatu dituzten ere azaltzen da liburuan.

Zer dela eta idatzi duzu?

Liburu hau aurreko proiektu baten ondorioz dator. Duela ia hamar urte, Euskal Herriko geologia interesdun lekuen inbentarioa egin genuen, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Txoriak edo igelak natura diren bezala, fosilak, errekak nahiz kareharriak ere natura berdinaren zati dira. Eta horiek ere ongi kudeatu ahal izateko, beharrezkoa da inbentario bat edukitzea. Azterketa horretatik abiatuta hasi nintzen liburua idazten. Publiko guztiarentzako modukoa izan behar zuen, eta horretarako lan handia egin behar izan dugu.

Eta zein helburu du?

Euskal Herriko paisaiaren atzean dagoen historia modu erakargarri batean kontatzea da helburua. Irakurterraza eta arina izatea nahi nuen, horretarako, espazio zuri, argazki eta ilustrazio ugari sartu ditut, eta testu gutxi. Nire defektu profesionala izango da, baina niretzako ezinbestekoa da lan itxurosoak egitea. Liburu hau, estetikoki eta maketazio aldetik, oso zainduta dago. Sortze prozesua bi urtetakoa izan bada ere, bi hilabete nahikoa izan dira idazteko. Gainerakoan, diseinuarekin jolasten, testuak aldatzen eta guztiari oreka bat ematen aritu gara. Liburutik kanpo zer utzi erabakitzea izan da lan zailena.

Edukiari dagokionez, klabe nagusiak eman nahi izan ditut, irakurleak, paisaia horien atzean izan den historia izugarria ezagutu dezan. Liburuari esker, begiak apur bat ireki, eta gure paisaiak beste interes batekin ikusteko aukera izango dugu. Beraz, mendira joaten garenerako, kendu dezagun begien aurrean dugun benda, bertan, ingurura lasaitasunez begiratu eta buruari galderak egiteko aberatsagoak izango gara eta. Geodibertsitateak altxor ugari ematen dizkigu, zerbitzu modura; ura, esaterako. Guk zorte ikaragarria dugu. Ez soilik hemen euri ugari egiten duelako. Gehienbat, gure mendiak esponjak bezalakoak direlako, eta euria egiten duenean, ur hori xurgatu egiten dute, eta urte guztian zehar, eman egiten digute, poliki-poliki. Eta ez da izaten soilik guk edan ahal izateko, baita paisaia berde mantentzeko ere. Ur emaririk gabe, beste mota bateko landaretza izango genuke.

Liburua, gainera, etapatan banatu duzu. Zergatik?

Hain da luzea eta konplexua Euskal Herriaren historia geologikoa, bost etapatan banatuta errazago kontatzen dela. Gero, etapa bakoitzak bere azpi-atalak ditu. Lehen etapan, Pangearen aurretik, bi makro-kontinenteen artean aurkitzen zen, itsas azpian. Bigarren etapan, Pangearen garaian, kontinentean zegoen Euskal Herria. Mendikate bat zuen erdian, oso garaia, bost milioi urteren ondoren guztiz higatu zena; basamortu erraldoi moduko bat izan zen. Gaur egun, Berastegi edo Baztan inguruan aurki ditzakegu mendikate horien sedimentuak diren kareharri gorriak.

Hirugarren etapan, kontinenteak banatzen hasi ziren, eta berriro itsasoa sartzen da. 160 milioi urtez, itsaso azpian egon zen Euskal Herria, eta orduan sortu ziren Euskal Herrian ditugun arroka gehienak, esaterako, sakonera txikia zegoen lekuetan, gaur egun kareharri bihurtu direnak. Horietatik sortu dira, besteak beste, Anboto, Gorbeia eta Txindoki mendiak. Sakonera handiko guneetan, berriz, Flysch-a sortu zen. Itsas azpian sumendiak ere izan ziren. Laugarren etapan, Iberiar penintsula iparraldera mugitu ondoren, Europarekin egin zuen talka. Itsas azpian metatutako sedimentuak, tolestu eta pixkana altxatzen hasi ziren, euskal mendiak sortuz. Azkenik, gaur egun ezagutzen dugun paisaia azken bost milioi urteetan nola sortu den kontatzen da bosgarren etapan.

Besteak beste, Euskal Herriko gune ezezagunei erreferentzia egiten diezu liburuan. Asko al dira ezagutzen ez ditugun txoko aberasgarriak?

Bai. Araban, bereziki, interes handiko leku ugari daude. Oso gertu ditugu, baina aldi berean, gure paisaiatik urrun. Adibidez, geologikoki, San Felices ermitaren inguruan kokatzen da Pirinioen hasiera. Euskal Herriaren iparraldeko aldean, adibidez, duela 80 milioi urte itsas azpian sortutako arrokak topa daitezke. Arabako Errioxan, berriz, azken 2 milioi urteetan, erreka batean sortutako arrokak aurki daitezke. Hortaz, bi munduen arteko banaketa moduko bat topatzen dugu, eta hor dago, hain justu, Pirinioen hasiera.

Liburua egiten aritu zarenean, gure lurraldeko gune guztiak ezagutzen zenituen? Zerk harritu zaitu gehien?

Gehienak ezagutzen nituen, baina asko, inbentarioa egiten nuen bitartean ezagutu nituen. Araban dagoen Okinako arroila, esaterako, leku ikusgarria da, arroka mota berezia duena. Bestetik, Jaizkibel inguruan dauden hareharrizko formakuntzak ere ederrak dira, modu berezian higatzen baitira.

Erlazionatuak

Aralarko glaziar bailara ezagutzera emateko liburua eta eskuorria aurkeztu dituzte

Amezketa

Aralarko Arritzagako glaziar bailara erakusteko mahai panoramikoa jarri du Amezketako Udalak, San Martin auzoan, eta ibilbide geologikoa eta inform...

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!