«Gizarteratzen laguntzen zaituen ekintza bat da mendizaletasuna»

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 23a, 09:57
Gentzane Golzarri mendizalea. TOLOSALDEKO ATARIA

Gentzane Golzarrik Emakume alpinista baten bizipenak hitzaldia emango du bihar, kultur etxean, 20:00etan, Amezketako Mendi Astearean barruan.

Zer azalduko duzu zure hitzaldian?

Hasteko esan behar dut 62 urte ditudala eta 20 urtetik hasi nintzela eskalatzen. Kontatuko dudana da 42 urteko bizipenak gutxi gorabehera ordubetean laburbilduta. Nola hasi nintzen eskalada munduan eta horrek nora eraman nauen: jendea ezagutzera, lekuak bisitatzera, eta gaur egun egiten dudan aktibitatera. Eta baita ere nola ikusten dudan mendizaletasunaren mundua.

Urte horietan guztietan mendizaletasuna ikusteko modua aldatuko zitzaizun.

42 urtetan dena aldatzen da, zure bizitza aldatzen da, egunerokoa esan nahi dut, eta hor badago bilakaera pertsonal bat eta gauzak ez dira berdin ikusten. Gizartea ere aldatzen joan da; zorionez mugitu egin da, mugitzen ez den gizartea gizarte hila izango bailitzateke.

Zertan aldatu da?

Adibide bat jarriko dut: orain dela 42 urte mendira joateko modua ezberdina zen, hasteko garraioarengatik. Orduan ez genuen autorik, eta trenez mugitzen ginen. Bilbotik Atxartera joaten ginen, eskalatzera, eta bagoi oso bat betetzen genuen bertara joaten ginenak. Apurka autoak azaldu ziren, eta gaur egun denok dugu autoa, eta beste modu batera mugitzen gara; ez gara bost auto batean barruan joaten lehen bezala. Aldatu egiten da mendi mundua ikusteko modua: orain ez da agian hain kolektiboa. Ez da hobea ez txarragoa, ezberdina da. Beste aldaketa handia telefonoarena izan da. Gaur egun telefonoa eraman dezakezu edozein lekutara, mendira ere bai, eta orain 42 urte ez genituen mugikorrik, noski. Beraz, beste modu batera mugitzen ginen bai harreman pertsonaletan eta bai mendiarekiko harremanetan.

Zer nabarmenduko zenuke orain arte egin duzun ibilbideaz?

Nire ustez nabarmenena da mendizaletasuna gizarteko parte bat dela, eta aisialdia izan da niretzat batez ere eta gaur egun ere horrela da. Nolabait gizarteratzen laguntzen zaituen ekintza bat dela uste dut mendizaletasuna, eta horrek suposatzen du lagun talde bat izatea, elkarrekin bizitzea, sentimenduak partekatzea, eta hori da batez ere nabarmenduko nukeena.

Nola ikusten duzu emakumeen parte hartzea mendizaletasunean?

Berriro atzera itzultzen naiz, eta esan beharko genuke mendizaletasuna gizartean dagoen zerbait dela, eta gizarteak dituen berezitasunak mendizaletasunaren munduan nolabait islatu egiten direla. Beraz, emakumearen egoera mendiko ekintzen inguruan gizarteko beste edozein ekintzen antzekoa da. Gehitu nahi dut Euskal Herrian izan ditugula eta ditugula gaur egun erreferenteak diren emakumeak nazioartean. Aipatu beharko nituzke Edurne Pasaban eta Josune Bereziartu. Oso emakume esanguratsuak dira, eta emakume bezala eta euskal herritar bezala asko apreziatzen dut bere ekarpena. Gaur bertan irakurri dut Muriel Ruiz de Larramendik irabazi duela Espainiako Txapelketa eskaladan. Emakumeek badugu lekua euskal mendizaleen artean, nahiz eta agian handiagoa izan beharko lukeen, eta agian gehiago apreziatu beharko genukeen. Ez bakarrik puntako emakumeak, besteok ere badaukagu hor lekua, eta ni pertsonalki eroso sentitzen naiz mendizaleen munduan.

Aurreiritzirik jaso duzu emakumea izateagatik?

Denok funtzionatzen dugu aurreiritziekin gizartean. Egin didazun galdera hau ere aurreiritzi bati lotuta dago. Aurreiritzi baikorrak eta ezkorrak daudela iruditzen zait. Aurreiritzi ezkorrei aurre egin behar diogula uste dut.

Erlazionatuak

Mendia, abentura eta bidaia, uztartuta

Imanol Garcia Landa 2017 mai 23 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!