Mendia, abentura eta bidaia, uztartuta

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 23a, 09:57

Hainbat gai jorratuko dira lau hitzaldiz osatuta dagoen Amezketako Mendi Astean.

Aurtengo Amezketako Mendi Asteari gaur emango diote hasiera eta lau hitzaldi-solasaldiz osatuta egongo da. Buruntzunzin Mendi Elkarteak antolatu du ekimena, eta hainbat gai jorratu nahi izan dituzte bertan, mendizaletasuna, abentura eta bidaia uztartuz.

Gaurkoan Alberto Iñurrategi mendizalea izango da eta Porrotaren alde ikus-entzunezkoa eskainiko du. Mendi garaietan eskarmentu handikoa da Iñurrategi eta beti izan ohi da interesgarria mendizaletasunari buruz esatekoa duena.

Gentzane Golzarrirekin solasaldia izango da biharko antolatuta dagoen emanaldia. Egun 62 urte ditu Golzarrik eta 20 urte zituela hasi zen eskalada munduan murgiltzen. Bere bizipenak azalduko ditu argazkiekin lagunduta.

Aste honetako hitzaldiak bukatzeko, ostiralean Lander Egia tolosarrak herritik Tokiora egindako bizikleta bidezko bidaia kontatuko du. Bizipen ugariko kontakizuna izango da solasaldi hau ere.

Azkeneko hitzaldia ekainean izango da, eta Josu Iztuetaren bidez iritsiko da. Biziminez izeneko dokumentala erakutsiko du. Antton Arza eta Josu Iztueta bera dira ikus-entzunezkoaren protagonistak.

Bestalde, Mendi Astearekin bat eginez eta iaz irekitako bideari jarraituz, larunbatean II. Eskuzko Paxaka Txapelketaren finalak jokatuko dira Ugarteko frontoian.

 

Egitaraua

Maiatzak 23, gaur

20:00. Porrotaren alde, Alberto Iñurrategirekin, kultur etxean.

Maiatzak 24, bihar

20:00. Emakume alpinista baten bizipenak, Gentzane Golzarrirekin, kultur etxean.

Maiatzak 26, ostirala

20:00. Tolosatik Tokiora bizikletaz, Lander Egiaren eskutik, kultur etxean.

Ekainak 7, asteazkena

20:00. Biziminez, Josu Iztuetarekin, kultur etxean.

Maiatzak 27, larunbata

11:30. Ugarteko frontoian, II. Eskuzko Paxaka Txapelketaren finalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!