Hatz txikia eta tenplea

Jexux Murua 2015ko urr. 1a, 11:28

Ez zen sartuko nire eskuko hatz txikia pilota eta txaparen goiko ertzaren tartean, Jokin Altunak joan den igandean Adarraga frontoian, hogeita banakoa hausteko, hiru eta erdian hankak zituela ezker airez txokora egin zuen geldituak horma jo eta lurrean hilda geratu zenean Aimar Olaizolaren etsipenerako.

Hamaika pilota zail harrapatuak zizkion ordura arte, ez denak, eta erabakigarri hau ere ezin! Hau ote arrakasta eta porrotaren arteko neurria? Hatz txikia?

Lehia galtzea eta porrota sinonimotzat ditugun garai hauetan, ez dakit amezketar gaztearen lanak izan duen adinako oihartzuna izango zuen baldin eta txapak garrasi egin izan balu. Ez dakit hainbeste hitz egingo genuen «kontsagrazioaz», «elitean leku ziurra egin duenaz» eta abarraz. Ez dakit iritzi ataltxo hau idatziko nukeen ere. Auskalo, ziurrenera ez! Baina horrela dira kontuak.

Kontuak kontu, Jokinen benetako arrakasta eta lorpena, bere jokoaren bilakaera da: gero eta joko helduagoa egiten du, jolasaren eta jokoaren arteko marra gero eta argiago daukala antzematen zaio, bere joko bizi eta aberatsa gero eta sendoagoa da, eta zailtzen ari da. Azkar, oso azkar, ari da zailtzen. Uda guztian goi-goi mailako partidak jokatzen aritzea, gehienetan irabaziz gainera, eta amaiera emateko, San Mateo txapelketako finala jokatzea ere bazen nahikoa arrakasta profesionaletan hamabost hilabete eskas daramatzan pilotari gazte-gazte honentzat. Juan Martinez de Irujo handiaren aurka partida ikaragarria, finalaren inbidiarik gabea, jokatu eta irabazi zuten aurreko ostiralean. Hemen ere hogeita banakoa hautsi behar izan zen; honetan, Irujok izan zuen aukera, baina bere bolea askotan puskatzailea, oraingoan, gaizki joa txapazpira joan zen piririka.

Hementxe bi eguneko tartean aurkiaren eta ifrentzuaren balantza.

Behar bada lorpen hori barneratua izateak, Aimar Olaizolari berari ere besoa uzkurtzen hasi zitzaionean, emango zion Jokini behar zuen tenplea jokaldi bikain, zail, harrigarri, ausart, goraipatu eta irabazle hori egiteko. Tenplea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!