Villabonako Oriamendik 60 urte

Jon Miranda Labaien 2017ko api. 27a, 11:00
Villabonako lehen zabalkundea izan zen Oriamendi auzoarena, 96 familia jarri ziren bertan bizitzen 1957. urtean. JON MIRANDA

Maiatzaren 1ean, astelehenean, auzoaren urteurrena ospatzeko festa egingo dute eta eguerdian Gurea zinemako areto nagusian 80 urtetik gorako auzotarrei omenaldia eskainiko diete.

Auzoaren 50. urteurrena pasatzen utzi zuten baina ondo gogoan zuten 2017an ospatzen zituela Oriamendik 60 urte. Buruan gorde zuten auzotarrek data eta aurreko urtarrilean hasi ziren urteurren festa prestatzen. Bospasei lagunek eraman dute antolaketa eta horien artean daude Margari Olano, Arantxa Lopez eta Juan Ignacio Sarasola auzotarrak. Astelehenean, maiatzaren 1ean, ospatuko den jaia antolatzen ari dira eta azpimarratu dutenez, jendeak «pozik eta ilusio handiz» hartu du 60. urteurrena.

Francoren gobernuak etxebizitza politika arautzeko eta gizarte eredu jakin bat bultzatzeko Espainiako Etxebizitza Erakundea sortu zuen; Oriamendi auzokoaren gisakoak sustatu zituen Andoainen, Hernanin edo Donostiako Ibaetan, esate baterako. Horrez gain, gobernuak Etxebizitzaren Obra Sindikala eratu zuen, FET eta JONSen mendekoa. Sindikatuak bideratzen zituen etxebizitzak eta haren ikurdun plakak nahitaez ipini behar izaten ziren egindako etxebizitza eraikin guztietan. 80ko hamarkada hasieran kendu zuten Villabonako Oriamendin zegoen gezi eta uztarridun irudi falangista eta 1987an, udalbatzak horrela erabakita, gaur egungo izendapena eman zioten auzoari, Francoren alde borrokatu ziren errekete boluntarioen batailoiarena Tercio Oriamendi baitzuen ordura arte.

Villabona bertako eta Asteasu, Aduna, Irura eta Tolosa bezalako inguruko herrietako bikote gazteak jarri ziren 1957an Oriamendi auzoan bizitzen. «Industrializazioaren eta hazkunde ekonomikoarekin batera hazi zen herria eta auzoan langile jendea lekutu zen bertan», dio Sarasolak. Makina-erremintako Sacem lantegia sortu berria zen, puri-purian zeuden Salbadora eta Oria paper fabrikak eta ehungintzara bideratutako Subijanak ere jende asko enplegatu zuen.

Gerraondoan eta hazkunde ekonomikoa abiatzear zela, etxebizitza bat eskuratzeko modu ia bakarra zen alokairu soziala. Auzotarrek gogoan dute nola etortzen zen pertsona bat hilero errenta kobratzera. «Etxebizitzaren kategoriaren arabera, kopuru bat edo bestea ordaindu behar izaten zen», aipatu du Olanok. Funtsean, metro kopuruan zegoen aldea antzekoak baitziren etxeak, «estilo berdinekoak».

96 ETXEBIZITZA ETA 12 ATARI

Atari bakoitzean zortzina etxebizitza zeuden eta umea asko. Lopezek gogoan ditu garai hartako familiak: «Gure etxean, bederatzi lagun bizi ginen. Binaka egiten genuen lo eta oheak nonahi egoten ziren. Askotan pentsatzen dut, nola sartzen ote ginen etxebizitza txiki horietan». Gogoratu dituzte 35 ume baino gehiagoko atariak eta akordatzen dira, baita ere, Donostiako Ospitalean jaio ziren lehen hirukiak auzokoak izan zirela.

Haur horietako gehienek kalean egiten zuten bizia. «Ez genuen telebistarik, eskolan ez ziguten hainbeste etxeko lan agintzen, eskolaz kanpoko ekimenik ere ez zegoen. Kalea zen gure jolas parkea», gogoratu du Sarasolak. «Oriamendin ibiltzen ginen gehienbat eta handik Amasa aldera edo Otsabira joaten ginen. Salbadorak ura gordetzeko erabiltzen zuen putzua zen gure igerilekua. Auzokoak Kale Nagusikoekin ez ginen ondo moldatzen eta elkarren aurka aritzen ginen futbolean», aipatu du Olanok. Harreman berezia sortu zen auzoko ume horien artean, gaurdaino mantendu dena.

 


Herria handitzen ikusi dute garai hartako umeek. Villabonaren lehen zabalkundea izan zen Oriamendirena. «Guk uste dugu aberastasun handia ekarri diogula herriari. Oriamendin sortu eta bizitako askok Villabonan jarraitu dugu. Komertzioak eta enpresak sortu ditugu eta bertan segi dugu, Larrea edo Arroa bezalako auzo berrietan bizitzen».

EGUN OSOKO OSPAKIZUNA

Langile auzoa izanik, Langileen Nazioarteko Eguna aukeratu dute auzotarrek 60. urteurrena ospatzeko. Olanok esan duenez, Jesusen Bihotza parrokiarekin lotura estua izan du auzoak betidanik eta astelehenean, 11:30ean meza egingo dute bertan: «Aurreratu dezakegu, 70 urteko meza-mutilak izango ditugula». Bitarte horretan, garai bateko jolasak egingo jarriko dituzte umeentzako Oriamendiko plazan.

Auzora gerturatu aurretik, 12:30ean Gurea aretoan ekitaldi nagusia egingo dute. 80 urtetik gorako auzotarrak omenduko dituzte eta Oinargi dantza taldekoek aurreskua dantzatuko diete. «80 urtetik gorako 44 lagun lokalizatu ditugu eta horietako 30en bat egongo dira astelehenean gurekin». 60. urteurreneko logoa daraman zapia emango diete oparitan, euren izen-abizenak grabatuta dauzkatela.

60 urte hauetako argazkiak erakusten dituen ikus-entzunezkoarekin bukatuko dituzte eguerdikoak, Oriamendiko plazara pintxoak dastatzera joan aurretik. Handik Olaederra kiroldegira egingo dute. «Dagoeneko 250 lagunek eman dute izena bazkarirako». Gaur da izena emateko azken eguna eta Laboral Kutxako kontu korrontean 30 euroko ordainketa egiterakoan 'Oriamendi 60. urteurrena' azalpena jarrita apuntatu daiteke.

Bazkalostean animazioa egongo da. «Auzoan baditugu musikari onak eta haiek pieza batzuk eskaini ondoren, Dj bat ariko zaigu». Baliteke, Joan Manuel Serrat katalanaren Edurne kantua entzutea festan. Oriamendin konposatu omen zuen: «Auzoko bizilagun batek Tarragonako Universidad Laboral delakoan ikasi zuen eta han ezagutu zuen Serrat. Sacemen egin zituzten praktikak eta hilabete batez auzoko bizilagun honen etxean bizi izan zen. Orduan ezagutu omen zuen Amasako neska bat eta hari eskaini zion kantua».

 

MAIATZAK 1. EGITARAUA

11:30. Meza.

12:00. Haurrentzako garai bateko jolasak Oriamendi auzoan.

12:30. Gurea zinema aretoan 80 urtetik gorako auzotarrei omenaldia eta oroigarriak banatuko zaizkie. Oinargi dantza taldearen emanaldia eta hitzartzeen ondoren 60 urteotako argazki bilduma eskainiko dute.

Ondoren. Txistorra pintxoak eta ardoa banatuko dira Oriamendin.

14:30. Bazkaria Olaederra kiroldegian. Bazkalostean musika Dj baten eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!