Herritarren erabakiz, udalak herriko ostatua erosiko du

Imanol Garcia Landa 2017ko mar. 22a, 11:33

Herri batzar baten bidez onartu da; besteak beste, Altzoko Handiaren ondarea zabaltzeko beharrezkotzat ikusten da irekita egotea.

Herritarrek erabaki dute Altzoko Udalak herriko ostatua erostea. Orain egun batzuk izandako batzarrean hartu zuten erabakia. Orain dela hilabete batzuk dago itxita ostatua. Bi izan dira ostatua erostearen arrazoiak: herri ostatuek betetzen duten funtzio soziala batetik eta Altzoko Handiaren ondarea zabaltzen laguntzeko izango duen garrantzia, bestetik.

Joseba Elduaien alkateak azaldu duenez, «Altzoko Handiaren gaia orain bi urte, udal taldea martxan jarri eta berehala mahai gainean jarri zen. Erronkari adarretatik heltzea erabaki zen».

Aurreko urtean hainbat ekimen egin dira udalak bultzatuta, tartean ibilbide batzuk egokitu dira eta panelak jarri dira. «Udaletik hasita geunden lan hauetan, eta bagenituen zenbait aurreikuspen, baina bidean herriko ostatua, jabetza eta kudeaketa pribatua duena, itxi egin zen», azaldu du Elduaienek.

«Esku artean genituen zenbait proiektu alde batera utzi eta honi heltzea pentsatu genuen, ikusten baikenuen egiten genuen guztia alferrikakoa izango zela, herrian ez bagenuen bisitariak artatzeko egokitutako gunerik». Hori eta funtzio soziala ere kontuan hartuta, hiru aukera prestatu zituzten udaletik, eta batzarrean ostatua erostearen aukera onartu zen, udalak berak proposatuta. «Hartu-emana izan dugu jabeekin eta prezioari dagokionez, tasazio bat egitea adostu genuen. Bai jabea eta bai udala tasazioaren prezioarekin ados azaldu ginen», zehaztu du alkateak.

Herri ostatuak ez du izango taberna eta jatetxe izaera bakarrik, turismo bulego moduan eta denda jartzea ere pentsatzen da, herriko baserrietako produktuekin zein lehengaiekin hornitua.

Lehenengo pausoa erosketa onartzea izan da, eta hurrengo hilabetean hori gauzatzea espero dute. Bigarren pausoa egokitzapena izango litzateke. «Proiektua lantzen ari gara eta hori udarako zehaztuta egotea nahiko genuke, eta gure asmoa urte bukaerarako ostatua irekita izatea da. Gure asmoa ehuneko ehunean aurreikusita ditugun egitasmoak da, baina ez dago gure esku bakarrik». Hirugarren pausoa izango da esleipena, eta horretarako prestatzen ari dira pleguak. Herri ostatu berriaren proiektuan Tolomendi ari zaie laguntzen. «Azterketa bat egiten ari da Ostalaritza Elkartearekin eskualdeko sei herri ostaturen inguruan, eta horietako bat Altzokoa da», esan du Elduaienek.

GERO ETA EZAGUNAGOA

Altzoko Handia pertsonaia indarra hartzen ari da, eta dagoeneko horren harira herrian bisitariak izaten dituzte. «Herria prestatzen ari gara bisitariak jasotzeko, baina olatu horri egoki eusteko eta Gipuzkoak bisitarientzat beste erreferentzia gune bat izan dezan, bere ondarea munduaren aurrean azaldu dezan, ari gara hau guztia bultzatzen», dio alkateak. «Altzo landa gunea izateaz aparte, eta inguru paregabea izateaz aparte, baduelako bai kultura aldetik eta turismoari begira ere erakargarritasuna». Horren haritik, alkateak gogora ekarri du ere Imaz bertsolariaren pagoa, Europako Zuhaitza izateko lehian izan zen, eta Altzora bisitariak erakarri ditu azken hilabeteotan.

Altzoko Handiaren inguruan ibilbide pare bat dagoeneko seinaleztatuta daude, eta orain beste panel batzuk jartzea falta da. «Koldo Izagirre eta Juanba Berasategik eginikoak dira; guri asko gustatu zaizkigu eta pentsatzen dugu jendeari ere asko gustatuko zaizkiela», esan du Elduaienek.

Beste egitasmo batzuk interpretazio zentroa gehiago garatzea, ikus-entzunezkoa prestatzea eta webgunea egokitzea da. «Baina orain ostatuaren gaia dela eta, horiei aurreraxeago helduko diegu», esan du alkateak.

Altzoko Handia garaiotan ezagunagoa egiten ari da, besteak beste, berari buruzko filma osatzen ari direlako. «Dagoeneko ari da bisitariak erakartzen. Donostiako Zinemaldian sail ofizialean sartu nahi dute filmaren egileek. Filma estreinatzen denean, jende gehiago erakarriko duela pentsatzen dugu, eta ordurako prest egon nahiko genuke».

Honek guztiak ekonomikoki bere eragina izango duela dio Elduaienek: «Ostatuak lanpostuak sortuko ditu, eta dendak ere zeharka eragina izango du. Gure asmoa da bertan herriko produktuak saltzea, eta bertako baserritarrak eta ekoizleak onuradunak izatea».

Proiektuaren garrantzian funtzio soziala ere nabarmendu du: «Berebiziko garrantzia du herri baten bizitza sozialerako. Herri ostatu bat ez da taberna soil bat. Horrelako herri txiki batean jendea elkartzeko funtzioa betetzen du, enkarguak uzteko funtzioa... Azken hilabeteetan asko nabaritu dugu ostatuaren itxiera».

UDAL AURREKONTUAN ERAGINA

Udalak bere baliabideekin aurre egingo dio ostatuaren erosketari, eta horretarako udal aurrekontuan kreditu aldaketa onartu da. «Altzo herri txikia da, baliabide mugatuak ditu, eta horrelako proiektu bat oso indartsua da eta zati handi batean honen inguruan zentralizatuko dira inbertsioak», esan du alkateak. Ostatuaren egokitzapenerako laguntzak beharko direla gaineratu du. «Horretarako ateak jotzen ari gara eta nahiko genuke beste erakundeak mentalizatzea hau martxan jartzearen beharraz. Ez bakarrik Altzorako, baita eskualderako eta baita Gipuzkoarako ere».

Altzoko Handiaren inguruko inbertsioen partidak hiru atal ditu. Horietako bat Altzoko Handia ezagutzeko arloa izango da, eta honek 10.000 euro hartuko ditu. Herriko ostatua erosteko atala da bestea, eta horrek 204.000 euro ditu. Hirugarrena da ostatua egokitzearena, eta honek ez du oraingoz ekarpenik udalaren aldetik, beste erakundeetatik jasotzen den laguntza baliatuko baita horretarako.

Bestalde, udal aurrekontuari begiratuz, aurtengoan pertsonal gastuak handitu dira, «hainbat behar handitu egin direlako», esan du alkateak. «Administrazioko lan bolumena aldatu egin da, bai administrazio elektronikoa martxan jartzen ari garelako, zein ongizatearen inguruko zenbait programa berri sortu direlako, gazteen inguruan, immigrazioaren inguruan edo berdintasunaren inguruan. Hori dela eta, administraria lanaldi erditik osora pasatzea erabaki da».

Gastu sozialeko atala jaitsi egin da, «beharrak jaitsi egin direlako», zehaztu du Elduaienek. «Orain arte ematen ziren etxez etxeko laguntza eskaerak jaitsi egin dira. Bestalde, kultura eta kiroleko partidak zertxobait igo dira, bakoitza mila euro». Aurreko urtean sortu zen partida bat euskararen inguruan, euskaldun berriek euskaraz ikasteko, eta hori mantendu egingo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!