Alegiako karmenak 2017

50 urte bete dira haurrak Alegian euskaraz ikasten hasi zirela

Imanol Garcia Landa 2017ko uzt. 12a, 07:55

Karmengo Ama Ikastola 1967an jarri zen abian, haurrei euskaraz irakasteko; ikastola bultzatu zutenek botako dute bihar, Karmen jaien txupinazoa.

Mende erdia pasa da Alegian haurrak euskaraz ikasten hasi zirela. 1967an sortu zen Karmengo Ama Ikastola eta orduko bultzatzaileak omendu nahi izan ditu Jai Batzordeak, txupinazoa botatzeko aukera eskainiz. Bihar arratsaldean balkoian egongo direnetatik bi izango dira Begoña Azpeitia, lehenengo andereñoa, eta Juan Mari Oiartzabal, bultzatzaileetako bat.

Azpeitiak gogora ekarri duenez, «askok ez dakite Alegian ikastola bat izan zenik ere»; eta Oiartzabalek jarraitu: «Gazteek egungoa ezagutzen dute eta pentsatzen dute beti horrela izan dela, baina hasiera bat izan zuen eta nahiko zaila izan zen». Garai hartako testuingurua ezberdina zela dio Oiartzabalek: «Francoren garaia zen eta gobernua aldatu arte, irakasle euskaldunik ez zegoen, irakasle guztiak Espainian egiten zen lehiaketetatik ateratzen ziren. Alegian zeuden irakasle guztiak erdaldunak ziren, eta San Juan eskolan dena erdaraz irakasten zen. Euskaraz kalean egiten zen, eta eskolan ezer ere ez».

Alegiako ikastola martxan jartzerako, beste herri batzuetan hasiak zeuden. «Inaxio Begiristain niregana etorri zen, Alegian ere sortu behar genuela esanez», esan du Oiartzabalek. Lehenengo pausoak dirua lortzea eta gurasoekin hitz egitea izan ziren, jakiteko «ea hiru urteko umeak prest zeuden euskaraz ikasteko andereño euskaldun batekin». Bazkideak ere bilatu behar ziren, eta lokala ere bai. Udaletxean jarri zen ikastolaren lehen gela.

Azpeitia izan zen lehen andereñoa: «Begiristain osaba nuen eta galdetu zidan ea jarriko ote nintzen irakasle moduan, eta horrela izan zen». Magisteritza ikasia zuen eta ikastola mugimenduak antolatzen zituen praktikak egin zituen, eta horrela hasi zen.

Zenbait ikastola elizaren babespean jarri ziren martxan, legalitatea emanez, elizak eskumena baitzuen hezkuntzaren alorrean eskolak sortzeko. Alegiako erretoreari kontsulta egin zitzaion, baina ez zen baiezkorik lortu. Beste aukera bat begiratu zuten. «Ekimen pribatua izanik, eta elizaren babespean izan gabe, arauak bete behar zituen, eta Estatuak eman behar zuen baimena», azaldu du Oiartzabalek. «Hezkuntzako ikuskatzailea Tomas Villar zen, Alegian bizitakoa, eta hark erraztu zuen haur eskola bezala legeztatzea».

Herrian ia denek euskaraz egiten zuten, eta gero eta gehiago entzuten zen garai hartan. Halere, Francoren aterpean zenbaitzuk indarra zutela dio Oiartzabalek eta «habla en cristiano» esaten zutela: «Indarrez sentitzen ziren erdaraz hitz egiteko».

Urteek aurrera egi ahala, ikasturte kopurua handitzen joan ziren, Lehen Hezkuntzako hirugarren maila arte. Urte horretatik aurrera Tolosara joaten ziren. Horrela jarraitu zuten San Juan eskolarekin bateratu arte.


GAI NAGUSIA, DIRUA

Bilerak astero egiten zituzten eta beti dirua izaten zen gai nagusia; andereñoak, lokalen errentak edo lokalak hornitzeko materialak ordaintzeko. Auzolanean ere hainbat lan egin zituzten: margotu, zoruak ipini,... «Festetan tabernak eta tonbola jartzen genituen, eta urtean zehar Larraitzen ere taberna jartzen zen», esan du Azpeitiak. «Jaialdiak ere egiten genituen».

Horrez gain kuotak ordaintzen zituzten, bai gurasoek eta baita bestela bazkideak egiten zirenek ere.

Hasieran «beldur pixka bat» izan zutela esan du Azpeitiak, «norbait arraroa ikusten bagenuen. Baina ez genuen presiorik izan, ez genuen sentitzen lanean ari ginela behintzat». Garai horretan euskarak ez zuen izen onik Oiartzabalen hitzetan: «Jendeak ez zituen ikastolak ezagutzen. Jendeak ez zuen ikusten nola ikasi zitekeen matematika, geografia,... euskaraz. Testu libururik ez zegoen. Beraz, abentura bat zen». Urteak pasa ondoren, denborarekin, «jendea konbentzitu egiten zen, ikusten zutelako besteen mailara iristen zirela, erdaraz ere bai», gaineratu du Azpeitiak.

Ikastolan gero eta haur gehiago matrikulatzen joan ziren eta espazio falta zuten. Udaletik proposatu zioten ikastolari San Juan eskolarekin bat egitea, modu horretan herriko haur guztiek euskaraz ikasteko. Ikastola bat eta eskola publiko baten arteko lehen bateratzea Alegiakoa izan zela uste dute.

Bateratzea pixkana egin zen. 1979an hasi ziren, urtero ikastolako talde bat sartuz. Bere denbora behar izan zen dena antolatzeko eta eskola publikoan zeuden irakasle erdaldunekin zer gertatuko zen ikusteko. Ikastolako irakasleei hitzez esan zitzaien lanpostua izango zutela eskola publikoan eta oposizioak ateratzeko hiru urte ematen zitzaizkiela. Baina legeak ez zuen horrelakorik uzten eta San Juan eskolan jarraitu zutenek edozein irakaslek bezala lehiaketa bidez lortu behar izan zuten postua.

Bateratze prozesua 1984 urtean amaitu zen, eta ordudanik Alegian dagoen eskola San Juan Herri Ikastetxea da. Bigarren Hezkuntza egiteko, herrian bertan dagoen Aralar institutuan jarraitzen dute ikasleek.

Erlazionatuak

Alegiako festen egitaraua

Tolosaldeko Ataria 2017 uzt 10 Alegia

Badatoz Bibalabirjenak!

Tolosaldeko Ataria 2017 uzt 10 Alegia

Astelehena arte, atsedenik ez

Tolosaldeko Ataria 2017 uzt 12 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!