Langaurre Egunean bazkaltzera joateko izena emateko epea zabalik maiatzaren 14ra bitartean

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 11a, 15:30

Eguna maiatzaren 28an izango da. Norberak bere bazkaria eraman beharko du eta udalak aulkiak, mahaiak eta edaria jarriko ditu.

Azken urteetan Alegiako Udaleko Kultura batzordeak Langaurre Eguna ospatzeko ohitura berreskuratu du. Aurtengorako maiatzaren 28a, igandea, da aukeratutako eguna eta antolakuntza aldetik, iazko formula bera errepikatuko da. Norberak bere bazkaria eraman beharko du aurten ere. Udalak mahaiak, aulkiak eta edaria jarriko ditu eta horretarako bazkaltzera igoko den pertsona kopurua ezagutzea ezinbestekoa da. Helburu horrekin, izena emateko epea zabaldu da datorren maiatzaren 14ra bitartean, igandea. Iskiña, Hilario Berri eta Jubilatuen tabernetan eta kultur etxean dauden orrietan eman behar da izena. Zerrenda horietan bakarka edo taldeka eman daiteke izena eta taldeka ematen bada, taldeko kideen kopurua zehaztu beharko da.

Bestetik, iaz bezala, aurten ere jendea Langaurrera oinez igotzea bultzatu nahi da batzordetik. Hori ahalbidetzeko, Alegiako Mendi Asanbladak egunean bertan hitzordu bat jarri du goizeko 10:00etan Tontokalen, jendea elkarrekin igotzeko eta behin Langaurrera iritsita, hamaiketakoa eskainiko da. Oinez igotzeko asmoa dutenek, izena emateko orduan zehaztu beharko dute hori. Langaurrera igotzeko modu hau leheneste aldera, oinez igotzen direnei bazkaria igotzeko garraio zerbitzua eskainiko zaie, igoera modu erosoagoan egiteko. Horrela, eramateko asmoa duten ontzi edo antzeko gauza handiren bat eramateko arazorik ez dute izango, bazkariaz berdin-berdin gozatuz.

Azkenik, egunean bertan mahaiak deskargatzeko eta kargatzeko esku bat botatzea eskatzen zaie bertaratuko direnei. Horrela, denon laguntzarekin denbora gutxian guztia prestatu eta jasotzeko modua egingo baita. Langaurre Egunera joateko asmoa duenak beraz, badaki maiatzaren 14a baino lehen eman beharko duela izena. Eguraldi txarra egingo balu, festa bertan behera geratuko litzateke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!