«Zaintzaileak bere burua zaintzen ikasi behar du»

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 10a, 10:30
Erlantz Allur, Matia Fundazioko ikerlaria. ATARIA

Menpekotasun egoeran dauden pertsonen mobilizazio eta transferentziei buruzko ikastaroa eskainiko du Sendian programak Alegian, Matia Fundazioaren bitartez. Erlantz Allur Matia Fundazioaren ikerlariak azaldu ditu ikastaroaren nondik norakoak.

Bihar hasiko da ikastaroa, eta sei saio izango dira guztira: maiatzak 11, 18, 23, 25 eta 30 eta ekainak 1. Kultur etxean izango dira saioak, 14:30etik 16:30era. Izena emateko 943 65 47 68 telefono zenbakira deitu daiteke edo udaleko gizarte zerbitzuen bulegora joan.

Zertarako da ikastaro hau?

Jatorria Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta eta finantzatutako programa bat da, Sendian izenekoa. Etxean menpekotasun egoeran daudenen zaintzaile familiarrei zuzendutakoa da. Hainbat baliabide eskaintzen dira programan eta horietako bat ikastaroak dira. Funtsean Sendianen helburu nagusiena da zainduko dugun pertsona hori ondo zaindu nahi bada, zaintzaileak ere bere burua ongi aurkitu behar duela, bere burua zaintzen ikasi behar duela. Zaintzailearen ikuspuntutik begiratzea da, eta ikustea zer behar dituen. Eta lehenengoa bere burua ezagutzea da.

Hain justu, bere senitarteko baten zaintzaile izatea egokitu zaionari, askotan ez du horri buruzko ezagutzarik.

Askoren kezka izaten da. Iritsi zaio goizetik gauera horrelako menpekotasun egoera bat gehien maite dugun etxeko pertsona horrengana, eta ez dakigu nondik hasi, norengana joan, zeini eskatu laguntza, eta horri erantzuna emateko Sendian programan hiru baliabide eskaintzen dira. Horietako bat ikastaroak dira. Bestea bakarkako laguntza psikologikoko saioena. Nolabait zaintzaile familiar horrek aukera du etxetik kanpo psikologo batekin bakarka saio batzuk izateko, zaintza lan horrek sortzen dizkion kezkak eta ardurak lantzeko. Hirugarren baliabidea, hainbat herritan dagoena, tartean Tolosan, laguntza taldeena da. Sendian programan dauden baliabide ederrenetakoa eta interesgarriena da. Hilabetean pare bat aldiz elkartzen dira zaintzaile ezberdinak, psikologo baten laguntzarekin, etxean dituzten egoera horiek partekatuz. Oso ondo funtzionatzen duten baliabideak dira.

Alegian bihar hasiko den ikastaroan zer landuko da zehazki?

Oso ikastaro praktikoa da Alegikoa: menpekotasun egoeran dagoen pertsona hori nola mobilizatu, ohetik nola altxa, gurpildun aulki batean nola mobilizatu, ze teknika erabili... Horrelako pauta eta teknika praktikoak lantzea da helburua. Hortaz aparte, gaur egun merkatuan dauden laguntza produktu batzuk ezagutuko dira ere: garabi batzuk, ohe artikulatu ezberdinak, gurpildun aulkiak probatu... Eguneroko zaintza lanetan erabili ditzakegun erraztasunak gutxienez lehen eskutik ezagutu, eta gero, nork daki, une jakin batean horietako bat beharko genuke.

Azkeneko saioan genero ikuspegia lantzen da.

Funtsean perfil konkretu batez ari gara hitz egiten. Gehienean zaintzaile familiarrak tradizionalki emakumezkoak izan ohi dira eta iruditzen zaigu ikastaro hauetan eta beste baliabideetan ere genero ikuspegiari eta bere lanketari lekua eman behar zaiola. Kasu honetan azken egunean, nolabait ikastaroari amaiera emanez landuko da, eta baita ere egunero-egunero zaintza lanetan ari diren emakume guzti horiei errekonozimendua eta aitortza egin nahi zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!