Azoka ekologikoa Beloztegi baratze parkean, laugarrenez

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 4a, 08:00
Iazko azoka ekologikoaren une bat. ANDONI UZKUDUN

Igande honetarako antolatu dute ekimena; udaberriko egitarauaren barruan beste hainbat ekitaldi izango dira datozen egunetan, Nigeriarekin eta kirol ohiturekin lotuta

Udaberriko egitaraua dagoeneko martxan jarri da eta datozen egunetan hainbat ekitaldi izango dira. Horietako bat igandean, maiatzaren 7an, Beloztegi baratze parkean egingo den Alegiako IV. Azoka Ekologikoa izango da.

Beloztegi baratze elkartetik, hau da, baratze parkean lur zati bat lantzen dutenek osatutakoa, antolatzen dute azoka. «Gure baratze parkea ezagutaraztea eta ekologikoan aritzen diren ekoizleei aukeratxo bat ematea bere produktuak saltzeko dira azoka antolatzeko arrazoiak», azaldu du Aitor Gutierrez elkarteko lehendakariak.

Azokak 10:00etatik 14:00etara iraungo du eta bertan hainbat postu izango dira. Batetik, gazta, marmelada, txakolina, eta beste hainbat produktu eskainiko dituzten postuak izango dira, sei inguru. Bestetik, Aralar institutuko ikasleak izango dira beraien postuarekin, pintxoak eta edariak banatzen. Tailer bat ere izango da xaboiak egiten ikasteko. Beloztegi baratze parkeko erabiltzaileek ez dute posturik jartzen. «Guk ezin ditugu gure produktuak saldu. Gure baratzeak hor izango dira, nahi duenak ikusi ditzan», azaldu du Gutierrezek.

Guztira Beloztegin 40 lur zati daude lantzeko, eta egun 28 erabiltzaile daude. Beste 12 lur zatiak tarteka ere erabiltzen dituzte, batez ere leku asko hartzen dute landaketentzako. «Elkartean bazkide gehiago izateko aukera dago, 12 lur zati libre daudelako, eta elkartetik animatzen dugu jendeari parte hartzera», esan du Gutierrezek. Interesa duenak udaletxera jo dezake edo baratze elkarteko norbaitekin harremanetan jarri. Urtero 80 euro ordaintzen dituzte, 60 euro lur saila eta txabola ordaintzeko (hau izango da azken urtea ordainketa hori egiteko) eta beste 20 euro sortzen diren gastuentzako.

NIGERIA, ALEGIAN

Udaberriko egitarauaren barruan ere Nigeriarekin lotutako zenbait ekimen izango dira. San Juan eskolan urtero herrialde bat lantzen dute, eta oraingoan Nigeria izan da. Erakusketa bat egin zen kultur etxean, eta orain bi ekitaldi egingo dira datozen egunotan, eskualdeko Afrikar Batasuna elkartearekin elkarlanean. Lehenengoa bihar bertan egingo da, 18:00etan hasita eta herriko plazan, txirikorda afrikarrak egiten ikasteko tailerra, hain justu.

Beste ekimena datorren asteazkenean izango da, maiatzaren 19ean. Nigeriako edo hizkuntzan ipuin kontaketa izango da, une berean euskaraz ere kontatuko delarik. Liburutegian izango da ekitaldia, 17:00etatik aurrera.

KIROL OHITURAK, HIZPIDE

Datorren asteartean, maiatzaren 9an, egingo den beste ekitaldia Iturri Zahar Guraso Elkarteak antolatua izan da. Kirol ohituren inguruko mahai ingurua izango da, kultur etxean, 19:00etan. Julen Goikoetxeak gidatuko du solasaldia eta bertan parte hartuko dute Iñaki Artola pilotariak, Ainhoa Garmendia pilotari eta federazioko teknikariak, eta Imanol Irazustabarrena futbolari eta eskola kiroleko teknikariak. Irazustabarrenak azaldu duenez, «mahai ingurua antolatu da kirola egiteko ohitura sortu nahi delako haurrengan eskola kirolaren bitartez. Eta haurrengan sortzearekin batera helduengana ere iritsi nahi genuen, eta horregatik atera zen solasaldi hau egiteko ideia».

Ez da bakarrik kirol ohituren inguruan hitz egingo, eskola kirolean parte hartzen duten eragileen inguruan ere ariko dira: gurasoak, entrenatzaileak,... «Ahalik eta jende gehienera iritsi nahi dugu gai hauetaz hitz egiteko, eta pentsatu dugu modu interesgarriena solasaldia izango zela», esan du Irazustabarrenak.

Datorren ikasturteari begira eskola kirolean parte hartzea handitzea da solasaldiaren helburuetako bat ere, eta «baita ere partaidetza hori nola bultzatu daitekeen gure aldetik eta etxetik bertatik», zehaztu du Irazustabarrenak. Horrez gain, orokorrean kirola praktikatzearen onurei buruz ariko dira, «ez bakarrik osasunaren aldetik, baita ere haurrengan sozialki duen garrantziaren ikuspuntutik», esan du Irazustabarrenak. «Behin eskolatik ateratzerakoan kirola egiten jarraitzeak duen garrantziaz ere ariko gara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!