«Zerbait berria egingo dugu, ezberdina»

Imanol Garcia Landa 2017ko mar. 28a, 11:48
Xabi Solano Maiza musikaria. GAIZKA PEÑAFIEL

Xabi Solano Maizak kontzertua emango du datorren ostiralean, martxoaren 31n, Alegiako Elizpe zinema aretoan. 22:00etan hasiko da emanaldia.

Zer emanaldi mota eskainiko duzu Alegian?

Gauza berriak prestatzen ari naiz Alegiarako. Zigor DZ eta ni ariko gara, eta nik trikitia, gitarra eta gitarra elektrikoa eramango ditut, eta zerbait berria egingo dugu, ezberdina.

Atera berri duzun 'Ereñotzu' diskoko abestiak egongo dira?

Berez, diskoaren aurkezpena azarotik aurrera hasiko nintzela esan nuen. Baina Alegiakoa emanaldi berezia da, nire aspaldiko lagun batek, nire irakasle izan zen batek, Maixa Lizarribarrek, deitu baitzidan kontzertua egiteko; gustura noa eta tartean disko berriaren abesti batzuk joko ditut.

Formatu moduan, beraz, berria da zuretzako ?

Eman ditut horrelako kontzertuak aurretik. Adibidez aurrekoan Urnietan izan nuen hitzaldi bat, eta horrelakoetan ni bakarrik edo formatu horretan aritu izan naiz. Aste honetan ere Lazkaon izan naiz. Berria esaten dut gauza berri batzuk sartuko ditudalako. Nik uste dut egun horretan ikusi behar dela, ez dut gehiago aurreratuko.

Horrek ere animatu dezake jende gehiago kontzertura joatera.

Gaur egun modan jarri den gauza bat eramango dut, eta ea zer moduz moldatzen naizen.

Publikoarekin hartu-eman zuzena izateko aukera izango duzu horrelako saio batean, ezta?

Zigor izango da laguntzeko, baina abesti batzuk bakarrik joko ditut. Ea harreman zuzen hori lortzen dudan jendearekin.

Ia bakarlari moduan zoaz, eta ez da oso ohikoa ikustea trikitilari bat bakarlari moduan.

Ez, horregatik ikusten dut berria izango dela. Badut zortea gitarra ere jotzen dudalako, eta instrumentuak tartekatuko ditut.

Kontzertu intimoaren kutsua izango du, edo Zigor DZrekin joanik, mugimendu gehiago izango du?

Zerbait izango da mugitua, baina gehienbat intimoa dela esango nuke. Nire bizitzari errepaso txiki bat emango diogu eta aspaldiko kantuak ere izango dira.

Uste duzu formatu horretan musika gehiago iristen dela jendearengana?

Bai, azkenean musikari batentzat erronka da talde batekin ohituta dagoenean bakarrik joatea horrelako lekuetara. Erronkak atsegin ditut. Beti nago musika ezberdina entzuten, musika ezberdina konposatzen. Esne Beltzan pixka bat ezberdina duguna hori da, musika oso ezberdina egiten dugula, abesti bat bestearekin konparatuz. Eta hau ere beste erronka bat da, horrelako plaza batera joatea. Baina esan dizudan moduan, egin ditugu horrelakoak ere.

Eta nola sentitzen duzu musika horrelakoetan? Zure ahotsa ere nabarmenago entzungo da.

Bai, baina abesti instrumentalak ere egingo ditut. Esan bezala, ezohikoa da ni horrela ikustea. Dagoeneko batzuk egin ditut, eta gainera nik uste dut jende dezente joango dela lehen formatu honetan ikusi nauena.

Alegian aurretik izan zara, Esne Beltzarekin adibidez?

Alegian Etzakit taldearekin jo nuen Gaztetxean. Espero dut egunen batean berriro ere joatea, Esne Beltzarekin edo. Oso kuttuna dut Alegiako Gaztetxea. Urte asko pasa eta gero berriro ere Alegian izango gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!