Sutarriko gazteen dantza emanaldi berria ikusgai, bihar Elizpen

Imanol Garcia Landa 2017ko mar. 23a, 08:00
'Bizibizirik' emanaldiaren une bat, iazko ikasturtean. INAXIO LARRETA

Iaz egindako Bizibizirik ikuskizunari jarraipena eman diote Bidean emanaldiarekin; 25 dantzari inguru ariko dira oholtza gainean, 22:00etan hasiko den emanaldian .

Elizpe zinema aretoko oholtzara Sutarri taldeko 25 dantzari inguru igoko dira bihar, Bidean izeneko emanaldia eskaintzeko. 22:00etan hasiko da, eta ordubete inguru iraungo du. Sutarriko gazte taldeen arteko zaharrenak, 13 urtetik gorakoak gehienak, parte hartuko dute ikuskizunean. Eneritz Ugartemendia irakasleak azaldu duenez, «aurreko ikasturtean esperimentu moduan egin genuen horrelako emanaldi bat, Bizibizirik izena jarri geniona. Ondo atera zen, animatuta zeuden dantzariak eta aurten ere antolatu dugu».

Orain gutxi Eskolatik plazara dantza emanaldia egin dute Alegian, hainbat herritako dantzarirekin. Beraz, martxoa nahiko mugitua daramate Sutarri dantza taldean. «Oso ondo joan zen. Jende pila bat gerturatu zen eta haurrak ere gustura aritu ziren», esan du Ugartemendiak. «Espero genuen emanaldia eskaini genuen, beraz, gustura».

Biharko emanaldian «denetarik sartzen» saiatu dira: «Dantza tradizionalak, berriagoak ere bai, pixka bat denetik, nahasketa bat. Musikaren aldetik Korrontziren eta Kepa Junkeraren doinuak izango dira, esaterako». Aurreko ikasturtean egindakotik dena ezberdina dela dio Ugartemendiak: «Dantzaren baten zerbait izango da antzekoa, baina saiatzen gara ahal den koreografia eta pauso ezberdinak egiten».

Eskolatik plazara emanaldian hainbat herritatik joan zirenez dantza egitera Alegiara, tarte gutxiago izan zen talde bakoitzarentzako. «Oraingoa Sutarrikoentzak indartsuagoa izango da. Mailaren aldetik, denetik dago emanaldian. Hori bai, dantzariek nahiko maila altua dute. Pentsatu nahi dut aurreko urtetik zerbait ikasi dutela, eta ea hori erakusten duten».

Dantzariak  oholtza gainera igotzeko gogoz daudela  esan du Ugartemendiak: «Urduritasun puntu bat ere badute, baina gero eguna iristen denean gustura egiten dute, eta horrekin geratzen gara». Herrian dantza emanaldi gehiago izateak ere bere helburua du, esaterako dantzarekiko zaletasuna zabaltzea herrian, eta haurrek ere izena ematea taldean. «Kopuru aldetik ere ez dugu kexarik, haur asko daude taldean eta horrela jarraitzea espero dugu», esan du Ugartemendiak. «Dauzkagunak mantentzeko ere egin behar dira horrelako emanaldiak. Beraientzat beste pizgarri bat da ikasturte amaierako emanaldia bakarrik egin beharrean, urtean zehar ere beste zenbait emanaldi egitea».

Aurrera begira, maiatzean txikienekin Dantzari Txiki Egunaren estiloko jarduera izango dute. Azkenik, ikasturte amaierako emanaldia izango da eta bertan Sutarri taldeko dantzari guztiek parte hartuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!