«Gauzak adostu egin behar ditugu, ezin dugu beti lubakietatik jardun»

Tolosaldeko Ataria 2017ko api. 28a, 09:47

Zizurkilgo Antzerki Astearen barruan azken emanaldiak izango dira asteburuan. Gaur, 20:00etan, Atxulondo kultur etxean 'Errefusa' antzezlana eskainiko du Joserra Fachado aktore pasaitarrak

Gisa honetako produkzio batek dakarren gastuari aurre egin ezinik, proiektuari bakarrik ekin dio Joserra Fachadok (Pasai San Pedro, 1960). Defizita izan zitekeena «plus estetiko» bihurtu dela dio eta antzerki lan berritzailea prestatu du.

Zergatik aukeratu duzu hondakinen gaia obra bat osatzeko?

Antzerki irakaslea naiz Zurriola ikastolan, heldu eta gaztetxoen irakasle eta Tomaxen abenturak egiten aritzen naiz pailazo bezala. Helduentzat zerbait egiteko gogoa nuen, baina ez nekien zer. Hondakinena gai polemikoa izan da Gipuzkoako herri askotan, Pasaian ere bai. Nire ustez, arteak balio behar du hausnartzeko eta distantziarekin gai bati begiratzeko. Eztabaidarako tresna bat izan behar du. Ur handietan sartzera nindoala pentsatu nuen hasieran, baina azkenean gaiak ni harrapatu nau.

Zer topatuko du gaur iluntzean Atxulondora gerturatzen denak?

Ni ez naiz aditu bat hondakinen kudeaketan, beraz, ez du hitzaldi bat ikusiko. Arte lan bat da, antzerki bat, hori baita egiten dakidana. Interesatu zaidana izan da jendearen jarrera, eztabaidaren aurrean jendea nola kokatu den eta postura hori zergatik hartu duen aztertu nahi izan dut. Eta gero umorea sartu dut. Oso inportantea da geure buruari barre egiten jakitea.

Taula gainean zu bakarrik zaude.

Fikzioa eta errealitatea nahasten ditut. Pertsonaia asko daude eta nik egiten ditut guztiak. Oso ohituak gaude, beti lubakietatik begiratzen. Gure kordakoekin alde honetan kokatu eta gutxitan egiten dugu beste aldera begiratzeko ariketa. Pertsonaia nagusia, ezker abertzale inguruko alkatea da eta bere aita, jeltzalea-edo. Biek daukate sistemaren aurrean jarrera oso diferentea, baina aldi berean, biek elkar asko maite dute. Beste parametroetan hitz egiten dute gaiaz, ez arerio bezala.

Adostasunaren kulturaren aldeko aldarri bat al da?

Nik uste dut gauzak adostu egin behar ditugula ezin dela berriz hondakinekin gertatu dena gertatu. Ezin dugu lubakietatik jardun. Lehen borroka armatuarekin gertatu zen bezala, orain hondakinekin eta etorkizunean beste gairen batekin. Ezin dugu komunikatu gabe egon. Herriak akordioaren filosofia bultzatu behar du.

Zer nolako eszenografia du obrak?

Garbi neukan lurra nahi nuela eta horrekin batera hondakinak jasotzerakoan erabiltzen diren elementuak: edukiontzi bat eta atez atekoen zintzilikario bat, bere kuboekin. Elementu horiek mugitzen, espazio oso ezberdinak sortzen dira. Saxofonista batek ere parte hartzen du, Jose Ignacio Rios Txino, Tirri Tarra fanfarreko kideak. Biok elkarrekin egin dugu musika eta horrekin ere oso harro gaude, ez baikara konpositoreak. Obra ez da bakarrizketa eta musika bakarrik: aita eta alabaren arteko elkarrizketak nik garatzen ditut, poesia ere badu, mimoa ere erabiltzen dut... Urtetan ikasitako guztia jarri nahi izan dut taula gainean.

Jendearen artean sortu den polemika ikusita, zein erantzun eman diote antzezlanari?

Oso urduri egon nintzen jendaurrean eskaini nuen lehen aldian. Ez nekien zein erantzun jasoko nuen. Nire herrian egin nuenean, nire familia eta lagunen aurrean, alde eta kontrakoak zeuden publikoan baina erantzun ona izan zen, oso kontentu bukatu nuen.

Zein bide egin du orain arte antzerki lanak?

Otsailean estreinatu nuen Gazteszenan eta ondoren nire herrian, Pasai San Pedron eman nuen. Zizurkilen gaur emango dudana izango da hirugarren emanaldia. Harrituta nago. Nahiz eta programatzaile askori gustatu, aitortu didate toki batzuetara ez nautela eramango oso gai polemikoa delako. Horrekin oso-oso triste nago. Lan ausarta eta zaila izan da, hustu egin naiz eta zabaltzeko gogoz nagoenean zailtasun hauekin topo egin dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!