Eneko Agirre: "Bukatuko ote genuen ere ez genekien"

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 30a, 16:23

Sei txakur lera bati tiraka, eta honen gainean, musher-a, hau da, Eneko Agirre. Bederatzi etapa gogorreko lasterketa batean izan da zizurkildarra, martxoaren 11tik 17ra, Frantziako Alpeetan.

Proba bukatzeko helburua etaparik gogorrenetan utzi zuen atzean, amaieran, sailkapen handi bat lortuz.

Zenbat kategoria zeuden Lekkarod-en?
Bi. Hamabi txakurrekoena eta seikoena. Ni azken honetan atera nintzen, txakur alaskarrekin. Seikoan 14 parte hartzaile atera ginen; guztira, 32.


Lekkarod lasterketaren handitasuna nola azaldu genezake?
Norvegiako eta Suediako lasterketak kenduta, Europan dagoen lasterketarik garrantzitsuena da Lekkarod, Gran Odisearekin batera. Biak Alpe inguruan izaten dira, Mont Blanc alde horretan.


Bederatzi etapa jarraian, atsedenik gabe, eta 20-40 kilometrokoak.
Ideia egunero 30 km egitea zen. Erdiko etaparen bat 40koa zen, adibidez, Galibierrekoa. Elurraren baldintzak ez ziren onak, ordea, eta tenperatura ere nahiko altua zen. Horregatik pixka bat laburtu egin zituzten distantziak. Hala eta guztiz ere motzena 26 kilometrokoa izan zen.  


Oso gogorra izan zela onartu zenuen etxera itzulitakoan.
Izugarrizkoa izan zen. Azken sei etapen bataz besteko malda positiboa 1.000 metrotik gorakoa izan zen. Elurra biguna zegoen, eta dena oso astuna bihurtzen zen. Lera ez zen ondo irristatzen, eta horrek dena oso gogorra bilakatu zuen. 8 edo 12 kilometroko igoerak zeuden. Ahal zen moduan ibili behar izaten genuen horietan, hanka batekin laguntzen genuenean, ondo, baina gehienetan, leratik jaitsi eta bultzaka joan behar izaten genuen.


Txakurrek ere asko sufritzen dute baldintza horietan. Galtzerdi moduko batzuekin babesturik jarri behar izan zenituzten.
Botina deitzen diegu horiei, eta oinetan jartzen dizkiegu. Zati batzuetan elurra izozturik zegoen, eta hatzetako kuxinen tartean sartzen zitzaien. Horrek sekulako kaltea eragiten zien txakurrei. Aldapa gora ez horrenbestekoa, baina beherakoan bai. Arazo handiak izan nituen horrekin; txakurrak berehala zauritu zitzaizkidalako. Goraka oso ondo joaten ginen, baina beheraka, normalean 25-26 kilometro orduko abiaduran jaisten baldin bagara, hor 16 edo 17an. 

 
Albaitarien laguntza handia izan zenuten.
Bai. Beraiek etortzen ziren proba amaieran zuregana, ez alderantziz. Hamabi bat egongo ziren. Asko ikasi genuen beraiekin, besteak beste, zauriak artatzen.


Zure lasterketa nolakoa izan zen?
Joan aurretik lasterketa oso gogorra zela esan ziguten, eta beldur handiarekin joan ginen. Iaz, bederatzi etapako lasterketa bat egin nuen, baina lasaiagoa zen. Tartean, gainera, atseden egun bat eta guzti zuen. Erreferentzia horrek, beraz, ez zidan balio. Lasterketaren lehen etapak lasai hartu genituen; lehen asteburua eta baita astelehena ere. Ziurrenik lasaiegi ibili ginen, sailkapen orokorrean denbora galduz. Baina ni lasai nengoen, helburua proba bukatzea baitzen.

 
Etapa gogorrenetan berreskuratu zenuen denbora, beraz.
Gure iritziz asteartean hasten zen benetako lasterketa, Galibierreko etaparekin. Txakurrek jasango zuten edo ez zalantza genuen. Behin lasterketan sartuta, oso ondo joan zitzaigun; batez ere aldapan gora. Pixka bat gehiago estutuz gero, ondo bukatzeko aukerak genituela ikusi genuen. Osteguneko etapa, aldiz, oso txarra izan zen. Txakurrek zauri handiak zituzten, eta talde erdia minez neukan.


Esan behar da ordezko txakurrak ere izaten dituzuela.
Seirekin ateratzen zara, baina zortzi txakurren izena ematen duzu. Horrela, egunero bi aldatzen joaten zara. Osteguneko etaparen baldintzak oso txarrak ziren, eta ostiralerako seirekin bakarrik geratu nintzen, oso justu. Kezka horrekin atera ginen, eta egia esan, sekulako etapa egin genuen. Hirugarrenetik minutu batera geratu ginen, eta ondorengo egunetan, postu horretan amaitu genuen, bigarrenetik gertu.

Inolaz ere espero ez zenuen emaitza izan zen hori.
Txapelketa oso pozik amaitu genuen. Beldurrez joan ginen, bukatzeko lanak izango genituelakoan, baina azkenean sasoitsu eta oso ondo amaitu genuen.


Sufritzea tokatu zaizue, baina gozatzen ere ikusi zaituztegu paraje horietan.
Paisaia izugarria zen, ez sinesteko modukoa. Momentu oso onak zeuden: etapan zoazela eguzkia sartzen ikustea altuera eta leku horietan… pribilegio bat da. Ni oso txirrindulari zalea naiz. Bada, gu ibili garen mendi horietatik igarotzen dira txirrindulariak Tourrean, Galibier edo Madeleine portuak igotzeko aukera izan dugu, eta lerarekin. Plazer bat izan da hori, eta izugarri gozatu dut lasterketa honetan. Oso esperientzia polita izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!