11 hilabete, preso

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 6a, 19:36

Hamaika hilabete pasa dira Nekane Txapartegi preso asteasuarra atxilotu zutela, eta hori salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur iluntzean Zizurkilgo Joxe Arregi plazan. Txapartegi Suitzan dago preso,  Espainiak egindako estradizio eskaerari Suitzak zer erantzungo zain.

"Bidegabetzat" jo dute Txapartegiren egoera: "Dagoeneko 11 hilabete daramatza Suitzan espetxeraturik, eta egunean 20 ordu inguru pasatzen ditu bakartuta. Egoera hori erabat bidegabea eta jasangaitza da", salatu dute.

"Nekaneren haserrea eta ezin ulertua gero eta handiagoak dira", azaldu dute: "Ezin du ulertu zergatik ez duten erabakirik hartu oraindik, ezin du ulertu teorian torturaren aurka dagoen estatu batek ez ikusiarena egin izana". Txapartegik "nahi duen lekuan eta nahi duen pertsonekin bizitzeko eskubidea" duela aldarrikatu dute.

Txapartegiren kasuaz gain, azken egunetako "gertakari larriak" salatu dituzte elkarretaratzearen amaieran: Sara eta Izarrena, Ibon Iparragirrerena eta Manu Azkarateren kasuak, hain zuzen.

Txapartegi, 11 hilabete preso

18/98 auziko Xaki atalean zigortu zuten Txapartegi, 2007an. "Erabilitako medioak eta eragindako ondorioak" aintzat hartuta, "larritasun gutxiagoko" gertaeretan zigorra gradu bat edo bi murrizteko aukera ematen du Zigor Kodeko 579 bis 4 artikuluak, eta horixe aplikatu diote orain Goreneko epaileek. Epaileek azaldu dutenez, "ETAri laguntzeko" egin zuen bakarra pertsona bati bi pasaporte ematea izan zen, hark ETAri emateko.

1999ko martxotik azarora eduki zuten preso Txapartegi, baina Suitzan bizi izan da azken urteetan. Espainiaren estradizio eskaera bat tarteko atxilotu zuten joan den apirilean, eta han dute preso geroztik. Estradizioa ukatzeaz gain, asilo eskaera ere egin zuen Txapartegik Suitzan, bereziki, 1999ko tortura salaketa oinarri hartuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!