Irazu ez da egongo Otaegirekin finalean

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 21a, 09:39

Martxoaren 5ean jokatuko da Urrezko Aizkolarien Binanako Txapelketaren finala, Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan.

Hiru bikoteren arteko lehia izango da, eta eskualdeko aizkolari bat bertan egongo da: Zizurkilgo Joseba Otaegi, Arria V.arekin bikotea osatuz. Hauek aurreko asteburuan lortu zuten finalerako txartela.

Beste bi postuak Oñatin erabaki ziren igandean. Beste zizurkildar bat zegoen bertan, Jon Irazu, Patxi Mindegiarekin bikotea osatuz. Aurkariak ziren faboritoak, eta ez zutenez hutsik egin, Iker Vicente eta Ruben Saralegi egongo dira Azpeitian. Lehen ariketatik hartu zuten aurrea lehengusuek. Azken lan luzera bi minutuko aldearekin iritsi ziren gazteak, eta hor ere nagusi izan ziren. Amaieran, irabazleek 22 minutu eta 30 segundoko denbora markatu zuten. Irazuk eta Mindegiak, aldiz, 25:31n geratu zuten erlojua.

Hirugarren bikote finalista ere Oñatitik atera zen. Irazuren finalerdikoaren aurretik, beste lau aizkolari aritu baitziren lehian. Hemen ere ez zen ezustekorik egon, eta txapela irabazteko faborito izan daitezkeen Atutxak eta Mugertzak finalera pasatzea lortu zuten, Otaño eta Lopez Azpilikueta kanpoan utzita. Iazko garaileek lanak amaitzeko 21 minutu eta 28 segundo behar izan zituzten. Maila politean ibili ziren aurkariak 22:33 markatu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!