Erdi Aroko azoka antzeztua aurtengo Maiatza Saltsanen

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 20a, 15:52

Maiatzaren 20ean egingo dute ekitaldi nagusia eta herriko eragileek antolatutako Erdi Aroko azokaren bueltan, Iraitz Lizarraga herritarrak idatzitako gidoian oinarritutako antzerkia egingo da. Antolaketan parte hartzeko lan taldeak osatu dituzte eta horietan izen emateko aukera dago Zizurkilgo udal bulegoetan.

2015ean Zizurkilek burujabetza eskuratu zuela 400 urte betetzen zirenean herri antzerkia egin zuten Maiatza Saltsan ekimenaren barruan. "Ehunetik gora lagunek hartu zuen parte eta gogoz geratu zen jendea", Joxin Azkuek herritarrak aipatu duenez.

Esperientzia horren polita izanda, beste segidaren bat bilatzen hasi ziren zizurkildarrak. 2017rako ezezaguna den altxor bat hartu dute oinarri: Atxulondoko burdinola. "Zizurkilgo historian garrantzia handia izan zuen eta errekuperatu egin nahi genuke. Industria horrek gehienbat Erdi Aroan funtzionatu zuenez, garai hartako azoka edo egun bat antolatzea bururatu zitzaigun".

Azoka hori maiatzaren 20an egingo da eta beste herrietan egiten direnekin alderatuta, "guk geuk egingo dugu, bere garaian herri antzerkia egin genuen bezala, ahal dela beste inondik ezer ekarri gabe". Dagoeneko hasi dira prestaketa lanetan eta batzordeak osatu dira egun horri begirako lanak egiteko. Besteak beste, arropaz arduratuko den talde bat egongo da.

Aurreratu dutenez, herri antzerkian protagonista ugari izango dira, San Millango markesen alaba, Okendotarrak, sorginak, musikariak, titiriteroak, juglareak, Atxulondoko olagizonak... Iraitz Lizarraga zizurkildarrak prestatu du antzerkia eta herritarrak ariko dira antzezle. Besteak beste, bazkarian bi protagonisten arteko ezkontza irudikatuko dute.

Joko eta jolasek ere izango dute beren presentzia Erdi Aroko azokan. Mikel Egibar zizurkildarrak du horiek antolatzeko ardura: "Ludikotasuna, unibertsala eta atenporala da eta Erdi Aroan elementu klabea da denboraren kudeaketa. Aisialdia ez zen existitzen eta jolasak eta jokoak lan ordutegiarekin nahasian zihoazen". Jolas eta jokoek dituzten lau funtzio nabarmendu ditu Egibarrek: psikomotorra, historikoa, hezitzailea eta estamentuaren arau eta moralaren erreproduzitzailea. Guzti hori irudikatzen saiatuko dira eremu ezberdinetan maiatzaren 20an egingo duten jai egunean, "egongo dira mugikortasuna lantzeko jolasak, gerra jokoak eta garai hartan menditik zetorren jokoa, bote luzearen erakustaldi bat ere egingo dugu".

Taldeko arduradunekin harremanetan jartzeko aukera izango da aste honetan edo bestela, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan dauden udal bulegoetan dauden zerrendetan eman daiteke izena. Behin lan taldeak osatuta bilerak egiten hasiko dira maiatzeko jai erraldoia antolatzeko. Astelehenero biltzen dira antolatzaile guztiak, 19:15ean Atxulondo kultur etxeko areto nagusian.

Azoka eta gauza gehiago

Maiatzaren 20ko Erdi Aroko azoka antzeztua testuinguruan jartzeko hainbat ekimen egingo dira hurrengo asteetan. Adibidez, martxoaren 25ean, Aiako Agorregiko burdinolara bisita bat egingo dute zizurkildarrek eta gero, maiatzean bertan, Atxulondora egingo den irteera batean parte hartzeko aukera izango dute. Teodoro Hernandorena taldeak, bestalde, Zizurkilgo burdinolari buruzko lan bat egiteko asmoa du eta Maiatza Saltsanen aurkeztuko du hitzaldi baten bitartez.

Urteroko hitzorduek ez dute hutsik egingo aurtengo maiatzean: Herri Urrats, San Isidro eguna, Bukalai dantza taldeak antolatzen duen Dantzari Txiki eguna, Emakume Txirrindularien Bira... Aiztondo mailan antolatu diren beste bi hitzordutan ere parte hartuko dute zizurkildarrek: maiatzaren 7an Aiztondoko Maskaradan Larraulen eta maiatzaren 27an Adunan ospatuko den Senidetze Egunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!