«Txiki-txikitatik elkarrekin gabiltza jokatzen»

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 15a, 12:18

Txapela berriki lortu dute Janire San Sebastianek eta Itxaso Erasunek (Zizurkil, 1999). Elkarteen arteko Euskal Liga jokatzeko aukera zortzi bikotek lortu zuten. Ziotzako pilotariek finalean Miren eta Maite Larrarte gainditu zituzten, 30-17.

Orain Euskal Herriko Liga jokatzen hasi dira, eta ondoren, trinketa eta GRAVN etorriko dira. Jubenil mailan azken urtea dute zizurkildarrek, baina argi dute aurrerantzean ere gomazko paletan jarraitu nahi dutela.

Euskal Ligara iritsi eta txapela irabazteko bidea egin behar izan duzue?
Janire San Sebastian: Euskal Ligara iristeko Gipuzkoako Txapelketan lortu behar da sailkapena.
Itxaso Erasun: Gipuzkoakoa seniorren bigarren mailan jokatu genuen. Jubeniletan eta seniorretan finalera iritsi ginen lau bikoteak Euskal Ligara pasa ginen.
J.SS.: Gipuzkoatik lau bikote pasa ginen, eta gure arteko partidak jokatu genituen, Euskal Ligako egutegian zein adarretan egongo ginen erabakitzeko.  


Iaz finalerdietara iritsi zineten Euskal Ligan. Aurten txapela.
I. E.: Iaz bigarren urteko jubenilek irabazi ziguten, eta gu lehen urtekoak kanpoan geratu ginen. Aurten berdina gertatu da finalean, eta guri tokatu zaigu irabaztea.
J. SS.: Esan beharra dago Miren Larrarte oraindik kadetea dela. Hala eta guztiz ere denok dakigu nolako maila duen.


Beti elkarrekin ibiltzen al zarete?
J. SS.: Txikitatik elkarrekin gabiltza Zizurkilen. Gure adineko pilotari asko ez daude, eta beti batera jokatzen dugu. Bera atzean gustura ibiltzen da, gainera, eta ni aurrean.
Finalerdietan Galdos-Arrillaga kaleratu zenuten, 30-26.
I. E.: Arrillaga maila handiko atzelaria da. Alde batetik nahiago genuen euren aurka finalerdietan jokatu, eta ez finalean; bere aurka jokatuz galtzeko beldur gehiago izango genuelako.
J. SS.: Partida gogorra izan zen. Gainera, ez zen gure egunik onena izan. Ez genuen daukagun maila erakutsi.


Finala 30-17, Bidania-Goiazko bikotearen aurka aritu zineten. Lasaiago?
I. E.: Inongo konfiantzarik gabe hartu genuen finala, badaezpada. Ezagutuko ez bagenitu bezala jokatu genuen.
J. SS.: Miren Larrarte zegoen aurrean gainera. Bere aurka jokatzean, zentzu guztiak esna izan behar dituzu, eta noski, topera jokatu.


Markagailua ikusita, nahiko erraz joan zitzaizuela dirudi.
J. SS.: Tanto batzuk oso gogorrak izan ziren, baina gure aldera erortzen hasi ziren. Hasi ere oso indartsu egin ginen, 7-0koarekin.
I. E.: Hasieratik gogor jokatu behar genuela argi genuen, eta ahalik eta huts gutxien egin. Txapelketa osoan bezala.


Erasun, Janire San Sebastian nolako pilotaria da?
I. E.: Oso aurrelari azkarra da. Oso bizia, eta pilota guztiak harrapatzen ditu. Jokatzerako garaian, nahiz eta indar gutxi daukala eman, pilota ondo harrapatzen duenean, ederki ematen dio. Bukatzerako garaian abila da; aurrelari izateko gaia baduela argi dago.


San Sebastian, Itxaso Erasun nolako pilotaria da?
J. SS.: Berarekin jokatzen duzunean izugarrizko segurtasuna ematen dizu. Teknika handiko atzelaria da, eta indartsua. Nahi duena egiten du. Lasaitasun handia transmititzen dizu, eta aldi berean, konfiantza. Palaz aparte elkarrekin daukagun guzti horrek ere elkartu egiten gaitu, eta horregatik bikote bezala oso ondo ulertzen garela uste dut.


Erasun, zer daukazu hobetzeko?
I. E.: Azken urtean jauzi handia eman dugu, gogor entrenatuz. Oraindik hobetzeko gauza asko dauzkat. Pilota gehiago baztertzen ikasi behar dut; baita jokoa aldatzen ere. Akats teknikoak ere baditut, eta pixkanaka horiek ere hobetu beharra dauzkat. Tarte handia daukat hobetzeko, eta horrek lan asko eskatzen du.


San Sebastian, zuk?
J. SS.: Pattalaldi batean sartuta nago azken aldian. Korri eta pilotari eusteko garaian ondo, baina zerbait egin nahi baldin badut, edo atzera bota, ez dut asmatzen. Hori hobetu beharra daukat, eta joko berria edo gauza berriak ikasi; pixka bat aldatzeko.


Palarekin zer moduzko harremana daukazu?
J. SS.: Partida jokatzen hasten naizenean, ahaztu egiten zait pala hor daukadala. Bat sentitzen gara.Batzuetan galdetzen diot: Pala! Nola egin duzu hori?


Harrika botatzeko gogoa ere izango zenuten besteren batean.
I. E.: Ez dakit zergatik, baina astelehenetan ondo entrenatzen dut. Baina ostegunetan jokatzen ahazten zait. Larunbatean, partida egunean berriro ondo, baina ostegunetan ez dakit zer gertatzen zaidan. Burua, nekea, edo ez dakit zer den. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!