Otaegi eta Arria V.a finalean izango dira

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 14a, 09:42
Jon Irazu aizkolaria

Binakako Urrezko Aizkolarien Txapelketako lehen finalerdia jokatu zen larunbatean, Arantzan. Faborito argirik gabeko kanporaketa aurreikusten zen, baina enborren legeak, aurkakoa erakutsi zuen: Joseba Otaegi eta Xabier Orbegozo Arria V.a erraz nagusitu ziren. Garaipen horri esker, bi gipuzkoarrak dira txapelketa horretako lehen finalistak.

Aurreko jardunaldietako lan bera egin behar izan zuten lau aizkolariek finalerdian. Erlojuaren aurka, 45 ontzako enborra mozten hasi ziren. Bakoitzak bat pasa behar zuen, eta ondoren, bikoteko denborak batu ziren. Otaegi eta Arria V.a minutuaren azpitik ibili ziren lan horretan, eta nafarrak, alderantziz. Bien arteko denborak kontuan hartuta, 36 segundoko aldeaz atera ziren lehen ariketa horretatik gipuzkoarrak. Errenta erabakigarria izan zen, ondorengo ariketetan handituz joan zena, gainera.

54 ontzako zutikakoa 2:07an bota zuten finalistek. Rekondok eta Larretxeak zazpi segundo gehiago behar izan zituzten.

60 ontzakoa nork azkarrago moztu zen hirugarren proba. Hemen ere lehengoak nagusitu ziren, 2:13ko denborarekin. Nafarrek 13 segundo gehiago behar izan zituzten.
Ondoren, 45 ontzakoa zutik eta kana-erdikoa etzanda moztu behar izan zituzten. Hemen galtzaileak izan ziren azkarrenak, baina segundo bakarreko aldeaz. Azken ariketa aurretik, beraz, 55 segundoko tartea zuten Otaegik eta Arria V.ak euren alde. Ezbehar handiegirik ezean, biak finalean izango ziren. Eta horrela izan zen, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako eurek moztu baitzituzten azkarren. 12 minutu eta 52 segundo behar izan zituzten horretarako, aurkariek baino minutu bat eta hiru segundo gutxiago.

Kontuak horrela, amaieran 21:55 markatzen zuen gipuzkoarren erlojuak. Rekondo eta Larretxeak 23:53an gelditu zuten eurena. Finalerako txartela, beraz, Joseba Otaegi eta Xabier Orbegozo Arria V.arentzat izan zen Arantzan.  

Bi finalerdi gehiago
Binakako Urrezko Aizkolarien Txapelketaren finalean beste bi bikote egongo dira, hau da, guztira hiru. Horrek bi finalerdi gehiago jokatu behar direla esan nahi du, eta horiek, otsailaren 19an izango dira, Oñatin. 11:30ean hasiko dira aizkolariak lanean, eta Arantzan bezala, eskualdeko ordezkari bat egongo da bertan: Jon Irazu. Patxi Mindegiarekin osatuko du bikotea zizurkildarrak. Aurkariak gazteak izan arren ez dira nolanahikoak: Iker Vicente eta Ruben Saralegi lehengusuak. Hasiera batean azken hauek dira finalerako sailkatzeko faboritoak, baina Patxi Mindegiaren sasoia eta Irazuren erregulartasuna kontuan hartuta, edozer gerta daiteke finalerdi honetan.  


Hirugarren eta azken finalerdia ere Oñatin jokatuko da egun berean. Kasu honetan ez da eskualdeko ordezkaririk izango, baina bai txapela jazteko faborito argia den bikotea: Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza. Euren aurkariak Juan Jose Lopez Azpilikueta eta Eneko Otaño izango dira. Azken hauek sailkatzea ezusteko handia izango litzateke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!