«%100ean bluesa entzun ahal izango da, euskal bluesa, euskaraz eta gure ukituarekin»

Jon Miranda Labaien 2017ko ots. 2a, 08:00

Goierriko Starblues taldeak irekiko du Zizurkilgo Blues Gaua; euskaraz ondutako blues doinuak entzun ahal izango dira Pausus tabernan 22:30etik aurrera.

Hiru talde ariko dira larunbatean, Zizurkilgo XV. Blues Gauan. Starblues, Kantabriako Hendrik Rover & Miticos Gt’s eta Frantziako Awek Blues Band. Starblues taldekoak izango dira lehenak eta euren lehen diskoa aurkeztuko dute, Gu geu. Lau dira eta horietako bi tolosarrak dira; Yon Labayen (pianoa eta organoa) eta Femin Etxeberria (bateria). Taldeko sortzaileak dena den Jon Barreros (gitarra eta ahotsa) eta Urko Ruiz de Apodaka (baxua) dira, ordiziarrak. Atariak Jon Barreros elkarrizketatu du.

Zer eskainiko duzue larunbatean, Zizurkilen?
Irailean aurkeztu genuen diskoa, Ordizian, eta harrera ona izan genuen, baina urte bukaerara arte kontu desberdinak medio, ez dugu ia emanaldirik eskaini, Durangoko Azokan, Ahotsenean, bakarrik aritu ginen. Oraintxe hasi gara diskoa aurkezten eta hori da Zizurkilen joko duguna. Diskoa entzun ahal izango da, den bezalakoa, eta guri asko gustatzen zaizkigun moldaketak ere joko ditugu. %100ean bluesa entzun ahal izango da, euskal bluesa, euskaraz abestuta eta gure ukituarekin.

Nolakoa da kantak egiteko prozesua?
Gure sortze prozesua oso mantsoa da; lana, familia... Ez dugu denbora gehiegirik. Eztabaida asko izaten ditugu kantuak borobiltzeko. Berez ez geneukan diskoa grabatzeko asmorik ere, baina egindako guztia gorde nahi genuen. Maketa moduko bat grabatzeko ate joka hasterakoan Fredi Pelaezen Pottoko estudioetara jo eta maketa zaharkitutako zerbait zela eta diskoa grabatzeko proposamena egin zigun. Gaztelupeko Hotsak diskoetxekoei erakutsi genien eta euren zigilupean atera dugu.

2010ean sortu zen Starblues, ezta?
Ni beste talde batean nenbilen eta hura bukatutzat ematean sortu zen proiektu berri hau. Gitarrarekin bluesarekin jolasean hasita nengoen eta horrekin zerbait egin nahi nuen. Urkorekin Ordiziako musika eskolan konbo jazz talde batean aritzen nintzen eta beste taldea desagertzen ari zela, bluesa jotzeko elkartuko ote ginen hitz egin hasi, eta horrela hasi ginen. Beranduago etorri ziren Yon eta Fermin.

Ba al du blues musikak tokirik Euskal Herrian?
Geroz eta gehiago, nahiz eta poliki doan. Hondarribian, Tolosan eta Zizurkilen antolatzen diren blues jaialdi hauekin mugimendua sortzen ari da. Zirkuitu umila da oraindik, baina zabaltzen ari da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!