Danenak txirrindularitza taldea aurkeztu du

Irati Saizar Artola 2017ko urt. 27a, 17:43

Danena kirol elkarteak txirrindularitza taldea aurkeztu du, Aiztondoko gazteek txindularitzan aritzeko aukera bailaran bertan izan dezaten.

Danena kirol elkarteak hutsune bat ikusi du kirol sekzio batean: txirrindularitzan. Benjaminetatik hasi eta infantilak bitarteko gazteak bildu eta taldea sortu nahi dute.

Hamaika urte pasa dira Irrintzi txirrindularitza eskola desagertu zenetik eta geroztik, ez du bailarako txirrindularitzak inongo ordezkaritzarik izan. Kezka horri buelta eman nahian, uda partean hasi ziren Danena kirol elkartekoak talde berri bat sortzeko ideia martxan jartzen.

Ander Altuna, txirrindularitza sekzioko arduradunak taldearen aurkezpeneko prentsaurrekoan azaldu duenez, «azken urteetan, bai emakume zein gizonezkoetan Espainiako, Estatuko, edota maila goreneko probak antolatzen direla ikusi dugu Aiztondo bailaran eta ikusten dugu bertako txirrindulariek  ez daukatela aukerarik bailaran bertan txirrindularitza praktikatzeko».

Aukera hori aprobetxatu dute txirrindularitzako sekzioa martxan jartzeko. «Lan txukun bat» egin nahi duela esan du Altunak, eta horretarako basea lantzen hasi nahi dute.

Base hori, Oarsoaldeko txirrindularitza eskolatik jaso dute. Haien lana eredu hartu, eta antzeko plana  egin nahi dute. Haien filosofiari jarraituz, Danenakoek  erakutsi nahi dute txirrindularitza ez dela errepidekoa soilik: «ikusten dugu bailarako familia askotan beldur puntu bat dagoela gurasoen aldetik umeak txirrindularitzan hasteko, pentsatzen dutelako txirrindularitza errepidekoa izan behar duela eta erakutsi nahi zaie ez dela hori bakarrik eta ez dela uste bezain arriskutsua».

Izan ere, Oarsoaldekoek lau modalitate parktikatzen dituzte ikasturtean zehar eta hilabetero txandakatu egiten dituzte guztiak probatzeko aukera izan dezaten: BMX, pista, errepidea eta BTT. Urko Munduate, Oarsoaldeko txirrindularitza eskolako kideak adierazi du, txirrindularitza ez dela soilik errepideko modalitatea, txirrindularitza eskola batean modalitate guztiak ukitu behar direla benetan txirrindularitza eskola bat izan nahi bada.

Epe motzera begira, garbi daukate infantilak bitarteko gazteekin lanean hasi eta  txirrindularitzara gerturatu nahi dituztela. Era berean, ez dute baztertzen hemendik urte batzuetara, ume hauek beraien formakuntza prozesuarekin jarraitu ahal izateko, kadete edo jubenil talde bat ateratzea, formakuntza osoa bailaran bertan bukatu dezaten.

Izen ematea zabalik

Izen emateak, bailarako eskoletan egingo dira eta  Zizurkilgo liburutegian ere izena emateko aukera izango da. 2003 eta 2008 bitartean jaiotakoek izango dute apuntatzeko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!