«Emozioetatik marrazten dudanean ateratzen zaizkit gauzarik errealenak»

Jon Miranda Labaien 2017ko urt. 22a, 20:03

Ainara Altuna ilustratzailearen 'Ulertezinaren lanbro azpian' erakusketa otsailaren 4ra arte Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian izango da ikusgai, emozioak marrazkietan emanda.

Ezustean, mozorrorik gabeko agurra Aiztondoko liburutegiko erakusketa gelan egunotan ikusgai dagoen koadroetako baten ondoan irakurri daiteken testua da. Ez da testu esplikatiboa, baina obraren egilearen ustetan, lagundu dezake alboan duen marrazkia ulertzen.

Ainara Altuna Etxeberriak (Lasarte-Oria, 1979) bederatzi lan jarri ditu ikusgai Plazida Otaño liburutegian, «marrazkiak hain dira sinbolikoak eta hain nireak ez direla errazak ulertzen, horregatik hitz horiek lanaren esanahiaz pista batzuk eman ditzakete». Ulertezinaren lanbro azpian izenburuak ere argibide batzuk ematen ditu. Gertuko pertsonak galtzearen prozesua marrazki bidez ilustratu nahi izan du egileak.

«Duela gutxi galdu ditut gurasoak eta ordutik hona sentimendu hori ateratzeko beharra sentitu dut. Banaketa edo pertsona bat gehiago ez ikusteak sortzen didan emozioa transmititzen saiatu naiz», esan du Altunak. «Niri gertatu zait, bat batean, pertsona asko galdu ditudala eta zer gertatzen den ulertu ezinik gelditu naizela. Ulertu nahi baten prozesua dago, baina ulertezinaren azpian geratzen naiz, hala ere. Pixkanaka argituko zaizkit gauzak edo esperantza horrekin jarraitzen dut marrazten behintzat».

Nola adierazi sentitzen duzun hori, hitzen bidez adieraztea zaila denean? Altunak aitortzen du beti kostatu izan zaiola sentitzen zituen gauzak hitzez azaltzea eta askotan marraztu behar izan duela gertatzen ari zitzaiona ulertzeko. «Terapia hitza nahikoa potoloa da baina horrela dei geniezaioke. Sormen pintura da nik lantzen dudana, edo barrutik ateratzen den hori lantzeko modua».

Txikitandik datorkio Altunari marrazteko joera eta gurasoek berehala jarri zuten akademietan ikasten, «oso modu akademikoan, olio eta paisaiak marrazten». Ondoren, arte ederretako ikasketak egin zituen eta han konturatu zen lotuegia zegoela errepresentazio errealetara eta teknika tradizionaletara. «Nirea izango zen zerbait egin nahi banuen, horrekin hautsi behar nuela ikusi nuen». Orduan arte terapia ikasketak egin eta buelta eman zion bere marrazteko erari. Errealitatea erakusteko erarekin puskatu eta sentipenetan murgilduta ilustrazioak egiteari ekin zion, «errealitateari, konposizioari eta koloreari hainbeste begiratu gabe, erraietatik ateratzen zitzaidana irudikatuz». Defentsa gabe eta barrutik ateratzen zaizkio marrazkiak Altunari, momentuan bizi dituen emozio eta sentimenduak paperera eramanaz.

Egindako pintura ikasketekin batera, gaur egun, psikologia ikasten ari da lasartearra eta beraz, bere bi munduak lotu nahi ditu erakusketa honekin. Altunaren ustez, emaitzari adina begiratu behar zaioprozesuari eta garrantzia eman norberaren sentipenei.«Nik lasaitasuna behar dut nire emozioekin konektatzeko. Nire logelan giltzatu eta pixkanaka etortzen zaizkit marrazkiak. Nahikoa azkar bururatzen zait nola errepresentatu emozio hori eta gero denbora pasatzen dut hori paperera eramaten».

Bederatzi obra, Zizurkilen

Denbora bai, baina ez gehiegi. Azkar prestatu ditu Aiztondoko liburutegian ikusgai jartzeko obrak. Hilabete eta erdian egin ditu denak. Bederatzi obra daude Zizurkilen, nahiz eta horietako batzuk, binaka edo hirunaka dauden. Guztiak hori bai, marko zurietan sartu nahi izan ditu, «erakusketari jarraikortasun bat emateko».

Zuria markoetan bakarrik, bestela kosta egiten baitzaio Altunari paper zuriaren gainean marraztea. Beraz, koloretakoak erabiltzen ditu gehienetan. Gero, hori bai, denetariko materialak baliatzen ditu. «Akrilikoa, margoak, akuarela, tinta, boligrafoa, arkatza... ondoan dudan guztia erabiltzen dut marrazkia egiteko. Gustatzen zait nahastea». Zizurkilen erakusgai jarri dituen obra gehienak txikiak dira, tamaina horretan moldatzen baita erosoen artista lasartearra.

Giza irudiak ikusi daitezke bederatzi obretan baina baita animalia, eta batez ere, zuhaitzak. «Urteetan zehar, arte terapia tailerretan, askotan atera zaizkit zuhaitzak, edo pertsona-zuhaitzak. Heriotza modu naturalean ikusteko beharrarekin lotzen dut nik».

Beharra baitu marrazteko Altunak. «Hori gabe ezin dut bizi eta gutxi asko, marrazteko ohitura beti mantendu dut bizitzan zehar». Bizibidea, ordea, beste era batera atera izan du urte hauetan. Artiumen lanean jardun izan du eta Italian ere urte dezente pasatu ditu. Azkeneko hamabost urteetan ordea, ez du lanik jendaurrean erakutsi: «Ikasketak amaitu nituenean erakusketaren bat jarri nuen eta Italian ere taldekako batean parte hartu nuen, baina azkenaldian ez dut nire lanik erakutsi». Ilusioz bizi du, hortaz, Zizurkilen eskaini dioten aukera.

Otsailaren 4an Ainara Altunak artista tailerra eskainiko du Plazida Otañon eta erabiltzen dituen teknikak ezagutzera emateaz gainera, sentimenduak nola irudikatu erakutsiko du. Adin mugarik ez du jarri tailerrerako, baina hala ere helduak animatu ditu marraztera: «Ez da umeen kontua soilik, edozein pertsonentzako izan daiteke lagungarri». Tailerrean parte hartzeko urtarrilaren 27a baino lehen eman beharko da izena 943 69 35 54 telefono zenbakira deituta.

Aurrera begirako proiektuez galdetuta asko dituela buruan aipatu du lasartearrak. «Gustatuko litzaidake liburu formatuan nobela grafiko moduko bat ateratzea, gai honekin eta hemen ikusgai jarri ditudan marrazkien zerikusia duena. Oso luzerako proiektua da eta ez dakit zer aterako den».

Bien bitartean, eta otsailaren 4ra arte, ikusgai da Ulertezinaren lanbro azpian erakusketa Plazida Otaño liburutegian. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara erakutsiko da eta larunbatetan 09:30etik 13:30era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!