'Zentzumenen berpiztea', egurrean

Jon Miranda 2016ko aza. 25a, 10:42

Urtarrilaren 5a arte izango da ikusgai Gotzon Huegun eskultorearen erakusketa Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiko erakusketa gunean eta bertan eskainiko du bere lan egiteko modua erakusteko saioa, abenduan.

Duela 21 urte aita izan nintzen eta oso esperientzia indartsua izan zen. Niretzat artea komunikazioa denez, bizi izan nuena eskulturaren lengoaiaren bitartez azaltzea erabaki dut». Gotzon Huegun (Lasarte-Oria, 1972) eskultorearen hitzak dira. Sei pieza jarri ditu ikusgai Zizurkilen, amatasuna eta feminitatea gai hartuta.

Emakumeak gizartean duen garrantzia ikusita, «aitortza egin» eta «zorra kitatu» nahi izan du Huegunek. Erditzen ari den emakume bat, haurdun dagoen andrea edota amaren titiekin jolasean ari den umea ikusi daitezke lan hauetan. «Ama eta haurraren arteko erlazioa oso berezia da eta uste dut benetako bikote bat sortzen dutela». Hari horretatik tiraka jarri dio, Zentzumenak berpizten izenburua erakusketari.

Neolitiko garaiko itxura duten piezak dira gehienak eta bere ibilbidean jaso dituen eraginen inguruan galdetuta Huegunek dio, baietz, 18 urte zituela Oteizaren formulazio teorikoak ezagutu zituela: «Bere testuak irakurri eta erakarri egin ninduen. Euskal arimaren ideia hori hartu nuen baina nire iragazkitik pasata, nire ikasketa eta pentsamenduetatik». Are gehiago, azken urteetan, estetika zehatz horretatik urruntzeko lanean jardun duela dio, «nire lengoaia eta nire bide propioa bilatzen».

Bere arte lanez hitz egitea ez zaiola gehiegi gustatzen dio lasartearrak. Jendeak «ikusi eta barneratu» egin behar dituela uste du. Hala ere, Madrilen erakusketak jarri zuen azkeneko aldian jendea gerturatu zitzaion esanez nabari zaiola euskaldun izaera. «Ni lanean jartzen naizenean, eta irudi bat bururatzen zaidanean ez naiz horrekin pentsatzen jartzen, baina itxura denez, gero nabari da azken emaitzan».

Euskal egur tailak berrituz

Bertako egurrak erabili ditu, hori bai, Zizurkilen ikusgai dauden eskulturak egiteko: haritza, gaztaina, platanondoa, lizarra, gerezia... «Hemen lan bat jarri dut makalarekin egina, baina kolorea moldatu eta brontzezko pieza baten imitazio bezala geratu da».

Egurrarekin batera, burdina eta harria ere erabili izan ditu Huegunek bere arte lanetan. «Harria eta egurra dira gehien atsegin ditudanak baina gustatzen zait beste materialekin jolastea». Hain zuzen, azken bi urteak, euskal egur taila berritu nahian eman ditu, diseinu aldetik, dimentsio eta tematika aldetik gaurkotu nahi ditu.

«Ohituta gaude kutxa txikiak, eguzki-loreak eta lauburuak ikustera eta hori, nire ustez, gaindituta dago, beste lengoaia bat sortu behar dugu», dio Huegunek. Gaur egun, basoarekin zerikusia duen serie bat egiten ari da eta egur zartatua eta haietatik ateratzen diren likenak ditu aztergai: «Interesatzen zait ikustea nola hilda dagoen gauza batetik bizitza sortu daitekeen». Berriz ere heriotza eta jaiotza bezalako gaiak ditu presente, Zizurkilen ikusgai dituen piezetan bezala.

Izan ere, aitatasunaren esperientzia bizi izan zueneko garaian egindakoak dira Plazida Otaño liburutegian ikusgai diren eskulturak. Huegunek ez ditu alferrik pasa azkeneko 25 urteak ofizioan: «Hau da nire ogibidea eta zorionez lortu dut honetaz bizi ahal izatea. Enkarguz egiten dut gehienbat lana eta klaseak ere ematen ditut. Hernanin dut tailerra eta gaur egun bertan bizi naiz».

Gotzon Huegun euskal eskultura berriari buruzko formulazioak, euskal arimaren estetikak eta Oteizak teorizatutako euskal artearen eskolak erakarritako eskultorea da. Denboran zehar, nazioarteko eskultura lehiaketa eta sinposiumetan parte hartu izan du, hainbat sari eta diploma eskuratuz. Azkena, 2014an jaso zuen. Errenteriako Udalak Xenpelarren omenezko eskultura bat egiteko lehiaketa deitu eta irabazi egin zuen. «Europan zehar ere ibilita nago eta diplomaren bat jaso izan dut, baina horrek guztiak curriculumerako balio du. Niri inporta zaidana da hemen dauden irudi eta gaiak, erakusketa ikustera datorren jendearengana iristea».

Tailerra eta hitzaldia

Eskultura bat gustuko duenak erosteko aukera izango du. «Pieza bat alabarena da eta bestea, berriz, emaztearena, baina gainerakoak eskuragarri izango ditu jendeak».

Urtarrilaren 5a bitartean izango da ikusgai erakusketa Aiztondoko liburutegian eta bitarte horretan, Ramon Mauduit irakasleak hitzaldia eskainiko du erakusketaren izenburu berarekin: «Haurtzaroa, sustraiak indartzeko aro bezala ulertzen ditu Mauduitek eta prebentzio lanetan eta emakumeak haurdunaldirako eta erditzerako prestatzen jardun izan du».

Abendu bukaeran ere tailerra eskaintzeko asmoa du Huegunek Plazida Otaño liburutegian. «Erabiltzen ditudan erremintak ekarriko ditut eta maketa eta modelo batzuk egingo ditugu. Ikusiko dugu ea jendea jolaserako gogoarekin etortzen den».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!