Emakume baserritarren alde, 25 urte borrokan

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 17a, 17:05

Urteurrena ospatuko du igandean EBELek Zizurkil Goran eta goiz osoa hartuko duen egitaraua prestatu dute.

Behar bati erantzunez lehen sektoreko emakumeek, EHNE sindikatuaren barruan elkartzen hasi eta 1991n sortu zuten EBEL, Emakume Baserritarren Elkartea. Duela 25 urte.

«Desberdinen arteko berdintasuna» aldarrikatu zuten atzo, Zizurkil Goran igandean egingo duten urteurreneko festa aurkezteko ekitaldian. «Urte guzti hauetan borroka egin dugu gure lana errekonozitua izan dadin, langile osotzat har gaitzaten, betebehar eta eskubide guztiekin».

EBELeko kideek aitortu dutenez, «poztasunetik asko izan dute 25 urte hauek baina hamaika borrokatik ere bai». Urte hauetan, kotizazio duin baterako defentsa eta aholkularitza egin dute elkartetik eta baserrietan norberak bere lekua izatearen ahalduntzea eta korrespontsabilitatea bultzatu dute. «Erabaki guneetan parte hartzearen aktibazioa lortu eta gizarteko gainontzeko sektoreetako eragileekin elkar lana jorratu dugu».

Emakume baserritarren lanaren errekonozimendu gisa Zizurkil Goran jarrita dago Baserriko Argia eskultura orain dela 12 urte. Horregatik aukeratu dute igandeko festa egiteko toki hori: «Festak antolatzen ere badakigu eta hurrengo mende laurdenari umorez eta gogoz ekin nahi diogu». Herri kirolen bueltan antolatu dute egitaraua (ikus 27. orria), «irudikatzeko erronka hori luzatzen diogula gizarteari eta geure buruari».

Egitaraua:

10:00-11:00        Ekitaldia udaletxean
11:00-12:00        Astigarragako emakumeen giza proba erakustaldia
12:00-13:30        Herri kirolak
13:30                  Sari banaketa
14:30                  Bazkaria

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!