Ander Ortiz de Murua lanak Madrilen

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 4a, 16:20

Irailean Aiztondo bailarako Plazida Otaño liburutegian Argiaren bila erakusketa jarri zuen Ander Ortiz de Murua artista zizurkildarrak. Orain bere lanak Madrilen egongo direla ikusgai, Valentin Franco arte-galerian.

Erakusketa azaroaren 10ean inauguratuko da, 20:30ean, eta jai berezia prestatu dute inauguraziorako. Pianista baten emanaldiarekin irekiko dute inaugurazio-ekitaldia, ondorenean DJ baten emanaldiak lagunduko du, eta, azkenik, jai moduko bat egingo dute inaugurazioaren harira.

Azaroaren 13ra bitartean ikusi ahal izango dira bere lanak aipatutako galeria horretan, eta erakusketaren amaiera gisa, eszenifikazio bat egiteko asmoa du Ander Ortiz de Murua artistak, Euskal Herriaren ikur gisa eramango dituen elementuekin: hostoak…

Zizurkilgo Udalarentzat "oso garrantzitsua da" ikustea Plazida Otaño liburutegi berriaren ibilbidea noraino iristen ari den. Hain zuzen, erakusketa gune horretan jarri zituen lehenengoz ikusgai bere lanak Ander Ortiz de Muruak, eta urtea amaitu aurretik Madrileraino iritsi da. "Ibilbide luze eta oparoa opa dio" udalak artistari, "eta hari horrek jarraibidea izan beza Plazida Otaño liburutegian abian jartzen diren gainerako ekimenetan ere".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!