Biharko XX. Txapel Egunak lehen edizioko antolatzaileak omenduko ditu

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 8a, 08:48

Martxoko bigarren larunbatarekin batera, Txapel Eguna ospatuko dute bihar arratsaldean Zizurkil Goian. Herri giroan parte hartze aktiboa duen bizilagun bat omentzeko helburuarekin sortu zuten ekimena.

XX. edizioa izango da aurtengoa, eta hori aprobetxatuz, aurtengo omenduaren txapela, 1994. urte hartan ekitaldia lehen aldiz antolatzeaz arduratu zen taldeak jasoko du. Xabier Oiartzabal Apaiza izango da talde horren ordezkari gisa oroigarria jasoko duena.

Arratsaldeko lauetan hasiko dira ospakizunak, zentroan jokatuko den txapeldunen mus lehiaketarekin. Zazpietan, trikipoteoa izango da herriko tabernetan zehar, eta ondoren, txapel jaurtiketa jokatuko dute. Egunari bukaera borobila emateko, afaria izango da Zentroan bertan. Menua honakoa izango da: lehen plater gisa, arrain-zopa; ondoren oiloa saltsan; postrea, mamia; eta bukaeran kafea eta kopa. Afariko salneurria 19 eurokoa izango da.

Afal ondorenean etorriko da omenaldirako tartea. Iazko edizioko txapeldunak, Miguel Mari Zurutuza Potxolok, jarriko dio txapela Xabier Oiartzabali, eguna martxan jartzea erabaki zuten pertsonen izenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!