Huyck Wangner enpresak «erregulazio prozesu» berri bat abiatzeko asmoa du

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 7a, 09:09

Huyck Wangner enpresak urtarrilaren amaieran aurkeztu zuen Zizurkilgo lantegian 75 langile kaleratzeko enplegu erregulazio espedientea erretiratu du. Enpresak lantegia ez dela «bideragarria» adierazi du, eta beste erregulazio prozesu bat martxan jartzeko asmoa agertu, «langileekin akordioa lortu, eta aurreikusitako enplegu murrizketen eraginak ahalik eta gehien leuntzeko».

Iragan otsailaren 25en bukatu zen dosierraren gainean negoziatzeko epea. Orotara bost bilera izan dituzte. Multinazionalak prentsara bidalitako ohar bidez azaldu duenez, bilera horietako batzuetan Lan Ordezkaritzako ordezkariak izan dira, eta Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko kideekin ere bildu dira, «Zizurkilgo lantegiaren bideragarritasuna aztertzeko helburuarekin». Multinazionalak adierazi duenaren arabera, euren jarrera «erabat malgua» izan da prozesu osoan, «inolako biderik baztertu gabe». Halaber, langileak berriro kokatzeko programa eskaini zuela azaldu du zuzendaritzak, eta kaleratutako langileak lehentasuna izango zutela konpainiaren beste lantegietan esan zitzaiela. Kaleratzeei dagokienez, egungo legediak arautzen duena baino «baldintza hobeak» eskaini zituela ere azpimarratu dute.

Izan dituzten negoziazioetan ez direla inongo akordioetara iritsi, eta erakundeek ere ez dutela laguntzeko borondaterik agertu onartu du Huyck Wangner enpresak. Ondorioz, egungo egoeran ekoizpenarekin jarraitzea ez dela «bideragarria, galerak izango lituzkeela eta langileen egoeraren ziurgabetasuna areagotu baino ez lukeela egingo» adierazi du. Horrek guztiak «etorkizuneko langileen kalte ordainak ordaindu ezin izana» ere ekarriko lukeela nabarmendu du.

Mikel Zabaleta ELA sindikatuko ordezkariak azaldu duenaren arabera, «ezuste handia» hartu dute langileek, ez baitzuten albistea espero. «Gaur kaleratze gutunak jasotzea espero genuen, eta gure hurrengo pausoa Auzitegi Gorenera jotzea zen, salaketa jartzera». Langileak, beraz, «gustura» daudela adierazi du Zabaletak. Hori bai, enplegu erregulazio espedientea atzera bota izanaren arrazoiak ez dizkiete eman langileei, beraz, «zuhurtziaz» hartu dute berria. «Zizurkilgo industria proiektuarekin jarraitzeko konpromisoa agertzen badute gu eurekin egongo gara, baina, aldiz, hau guztia denbora irabazteko estrategia baino izan ez bada, eta aurrera begira guztia errepikatzeko asmoa badute, aurrez aurre izango gaituzte, orain arte bezala», adierazi dute.

Espedientea erretiratzeko arrazoiak ezagutzen ez dituzten arren, Zabaletak argi du enpresaren asmoak ezagutu zituztenetik hasitako mobilizazioek eragin handia izan dutela: «Nire ustez enpresak ez zuen erantzun hori espero, ez zuen horrelako presiorik espero, gauzak errazago egin ahalko zituztela uste zuten».

Urtarrilean aurkeztu zuen enpresak ia lantalde osoa kaleratzeko espedientea: 81 langiletatik 75. Jarduerari eustea ez dela bideragarria esan zuen. Otsailaren amaieran bukatu zen negoziatzeko epea, eta akordiorik ez zuten lortu. Multinazionalak ez zuela negoziatzeko borondaterik agertu salatu du ELAk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!